ZIURGABETASUNA ETA ARDURAGABEKERIA
Uztailaren 25 eta 26an, Pedro Sanchezen inbestidura saiakerak porrot egin ostean, besteak beste, Unidas Podemosen abstentzioaren ondorioz, bigarren ahalegin baten aurrean egon gintezke, beti ere Sanchezek bere burua aurkezten badu. Legea argia da, irailaren 23a baino lehen, hautagai batek ez badu legebiltzarraren gehiengoaren babesa lortzen, automatikoki, hauteskunde berriak antolatuko lirateke azaroaren 10ean.
Lehen inbestidura saiakeraren porrota azaltzerakoan, alderdi bakoitzak bere kontakizuna eraiki du, ardura besteari botatze aldera. Alderdi Sozialistak, behin eta berriro, Unidas Podemos eta, batik bat, Pablo Iglesiasengan daukan konfiantza falta azpimarratu du baita ere alderdi morearekin dauzkan desadostasunak Kataluniako auziari buruz. Unidas Podemosek, aldiz, koalizio gobernu bat osatzeko Sanchezen borondate-eza eta balizko gobernu horretan edukiko lukeen ardura instituzional eskasa aipatu ditu.
Argi dagoena da, bi arduradun politikoen arteko harreman pertsonalaz eta politika egiteko moduaz haratago, Sanchezek ez duela presa handirik erakutsi alderdi ezberdinekin batzeko eta akordioak lortzeko. Izan ere, nahiago izan du eragile sozialekin batzartzea eta aurre-kanpaina itxura daukan ekitaldi handi bezain mediatiko batean bere egitasmoaren 370 neurriak aurkeztea ez eta gehiengoa lortzeko beharrezkoak zaizkion alderdiekin elkartzea. Iraila hasera itxaron behar izan da, bera ala Alderdi Sozialistaren ordezkaritza Unidas Podemos, EAJ eta gainontzeko alderdiekin biltzeko.
Patxada horren atzean, estrategia bat dago, apustu bat ez esateagatik. Bozka asmoak neurtu nahi dituzten zundaketak eta bere aholkularien gomendioak jarraituz, uste izan du, hauteskunde berriak antolatuko balira, Alderdi Sozialista indartua aterako litzatekeela, maila handi batean Unidas Podemosen kalterako, eta, horren ondorioz, alderdi morea eta bere buruzagia luzaroan ahultzeaz gain, kolore bakarreko gobernu bat errazago osatuko lukeela eta akordio programatikoa bere aldekoagoa litzatekeela.
Estrategia horrek arrisku bat dauka. Batetik, ezkerreko hautesleen haserrea uste duena baino garaiagoa dela, ez baitute ulertzen nola, gobernu proiektuaren inguruan desadostasun handirik ez badago, ez diren adostasun batera iristen gobernu konposizioari dagokionez. Bestetik, eta aurrekoari lotuta, abstentzioak gora egingo balu, maila handi batean ezkerreko hautesle kopuru esanguratsu bat etxean geratuko litzatekeelako, ezkerraren blokea ahulduta aterako litzateke eskuineko blokearekin aurrean.
Hautesleria inoiz baino lurrunkorragoa den testuinguru batean, non alderdi eta ideologia atxikimenduak ahultzen doazen, eta iritzi zundaketek beraien fidagarritasun eskasa erakutsi duten une batean, ausarta dirudi apustu hori egitea.
Baina, ziurgabetasunaz aparte, aukera horrek Sanchezen arduragabetasuna agerian uzten du. Izan ere, ordezkari eta alderdi politikoengan herritarren konfiantza-eza are gehiago areagotuko du eta, horrekin batera, estatuak dauzkan erronka nagusiei aurre egiteko gaitasuna zeharo baldintzatu. Gogora dezagun, hurrengo hilabeteetan, Kataluniako arduradun subiranisten aurkako epaiketaren ebazpenaz gain, Brexit-ak, Txina eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza gerrak eta ziklo ekonomikoaren alderantzikatzeak, neurri indartsu bezain azkarrak hartzea eskatuko dutela. Hori, nekez posible izango da gobernua jardunean badago.
2019ko irailaren 15ean, BERRIA egunkarian argitaratutako artikulua.