ZALANTZA NAGUSIAK

Posted by on June 13, 2022 in Berria, Blog | 0 comments

ZALANTZA NAGUSIAK

Ekainaren 12 eta 19an, hauteskunde legegileak izango dira Ipar Euskal Herrian, Hexagono osoan bezala. Izan ere, bi itzuliko eskrutinio maioritarioa denez, lehen zein bigarren itzulian, ezinbestekoa da, barruti bakoitzean, gehiengo soil ala osoa lortzea hautatua izateko. Eta, jokoan dauden 577 eserlekuetatik 3 Iparraldean aukeratuko dira, nahiz eta 4. barrutia Biarnoaren zati batekin partekatu, horrek abertzaleak kaltetzen dituelarik. Horrekin batera, hauteskundeen egutegia aldatu zenetik, hautatua izan den presidente bakoitzak beti eduki du gehiengo parlamentario bat, bere programa gauzatzeko aukera izanez. Ikusteke dago zer gertatuko den aldi honetan, hautesleri ezberdinen mobilizazio-maila erabakigarria izango delarik. Neke demokratikoa nabaria da hauteskunde ziklo luze baten ondorioz, nahiz eta, kanpainan zehar, bertako problematikek protagonismo berezia eduki duten. 

Hain zuzen ere, nahiz eta Frantzian baino parte hartzea garaiagoa izan den, bai 2017ko hauteskunde legegileetan eta bai 2022ko presidentetza hauteskundeetan, zundaketa ezberdinek iragartzen dute abstentzio-maila altua izango dela Iparraldean. Zentzu horretan, 2017ko hauteskunde legegileetan ezagutu zenaren antzekoa izan daiteke, jakinik, lehen itzulian %41,47koa izan zela 4. barrutian, %47,08koa 5.ean eta %47,01ekoa 6.ean. Are eta handiagoa izan zen bigarren itzulian. Kontua da, hauteskunde arauak diola, lehen itzulian, lehen bi hautagaiak izan ala gutxienez hauteskunde zerrendetan izena eman dutenen %12,5a eskuratu behar dela bigarren itzulira sailtzeko. Horrek esan nahi du, abstentzioa garaia bada, %25a eskuratzea derrigorrezkoa izango dela horretarako. Horren jakitun, hala zentro-eskuinak nola ezkerrak zerrenda bateratuen apustua egin dute.

Preseski, Ensemble izenaren pean aurkezten diren hautagaiek, aukera handiak dituzte berriz ere aukeratuak izateko, bereziki 5. eta 6. barrutietan. Izan ere, LREM, MoDem eta Horizons bezalako alderdien babesa dutenez, hautesleri zibikoagoa izanik (batik bat, adineko pertsonek, ikasketa maila garaikoek eta ondare handiagoa dutenek osatzen baitute) eta azken presidentetza hauteskundeek sortutako dinamika probestuz, bai Vincent Bruk eta bai Florence Lasserrek benetako aukerak dituzte beren karguak mantentzeko. Nahiz eta, azken honek, iragan den legegintzaldian, ez duen ekimen handirik hartu Ipar Euskal Herriari propioak zaizkion gaiak babesterako orduan, eta, aldi honetan, ez den hauteskunde kanpaina aktibo bat burutzen ari. 4. barrutiko egoera bestelakoa da, osasun arazoak direla medio, Jean Lassallek ez baitu berriz ere bere burua aurkeztuko eta bera ordezkatuko duen anaiak ez dituelako ibilbide politiko eta karisma berak.

NUPES etiketarekin aurkeztuko diren ezkerreko hautagaien egoera ezberdina da. Epe motzean burutako negoziaketa gogor baten ondorioz, Frantzia Intsumituak, Berdeek, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Komunistak hautagai bateratuak aurkeztuko dituzte egitarau komun baten inguruan, beren hautesleen aspaldiko eskakizunari jaramon eginez. Horri esker, esperantza delako bat sortzea lortu dute eta estatu mailan plazatu diren azken zundaketek diote, hasera batean aurreikusten zena baino eserleku gehiago eskuratuko dituela. Iparraldearen kasuan ere, bigarren itzulirako sailkatzeko aukerak handitu dituzte. Hala ere, hiru zerrendaburuetako bi Frantzia Intsumituko ordezkariak izateak, jakinik lurraldearen erakundetzearen ala euskara babestearen inguruan zer nolako posizioak mantendu dituzten eta ez direla oso ezagunak Iparralde mailan, kalte egin diezaiokete.

Azkenik, abertzaletasunak, 2020 eta 2021eko udal eta departamentu hauteskundeetan erdietsitako emaitza onei jarraipena eman nahi die. Gogoratu dezagun, Urruña, Ziburu ala Itsasu bezalako Herriko Etxeak eskuratzeaz gain, EH Baik gora egin zuela bai ehunekoetan (%24,68) eta bai bozka kopuruetan, abstentzioa oso garaia izan arren. Zentzu horretan, alderdi abertzalearen helburua, 2017ko hauteskunde legegileetan lortutako emaitzak hobetzea da, %10,42a eskuratu zuela jakinik, eta, ahal izanez gero, barruti batean, bigarren itzulirako sailkatzea. Kontuan izan behar da, duela bost urte, Peio Etcheverry-Ainchart ez zela bigarren itzulirako sailkatu %3,28rengatik. Nahiz eta hauteskunde legegileak ez diren hobekien datorkionak, estatu mailako kezkek lehentasuna baitaukate, kanpainan zehar, EH Baik lortu du, maila batean behintzat, Iparraldeari propioak zaizkion gaiak hauteskunde eztabaidaren erdigunean jartzea, etxebizitza, euskara ala bake prozesua izan daitezela.   

2022ko ekainaren 12an, BERRIA egunkarian argitaratutako artikulua.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *