MACRON ETA MOBILIZAZIO SOZIALAK

Posted by on April 9, 2018 in Audiovisual, Berria, Blog | 0 comments

MACRON ETA MOBILIZAZIO SOZIALAK

2017ko maiatzaren 7an, Marine Le Pen-en aurka hauteskunde presidentzialak irabazi ostean, programa erreformista, liberal eta europazale baten inguruan, eta, urte bereko ekainaren 18an, gehiengo absolutua eskuratu ondoren hauteskunde legegileetan, batik bat hautesleek koherentziaz jardun dutelako, Emmanuel Macron bere egitaraua gauzatzen hasi da. Erreformak bata-bestearen atzetik aplikatu ditu, legebiltzar eztabaidari tarterik apenas utziz eta, behin eta berriro, eraginkortasunaren eta emaitzen premiaren argudioak erabiliz. Lan Kodearen erreforma horren adibide esanguratsuena izan da. Hain zuzen ere, hauteskunde kanpainan iragarritakoa bete du, ordenantza bidez, Lan Kodearen eraldaketa sakona burutuz, hala nola, enpresa mailako negoziazio kolektiboa indartzea, sektore eta enpresa mailako akordioak hobeki artikulatzea, hitzarmen organoak bat egitea, kanporaketen kalte-ordainak mugatzea edo lan kontratuaren haustura-arauak berrikustea. Erreforma hori burutu du oposizio sindikal zein politiko handiegirik gabe, besteak beste, hauteskunde kanpaina luze batean ostean zetorrelako, oposizio politikoa zatitua baitzegoen eta sindikatuak ahulduta baitzeuden bi porrot jarrain jasan ostean.

Kontua da, azken asteetan, giro soziala aldatu dela, Macron-ek bultzatzen dituen erreforma liberalek geroz eta haserre handiagoa sortzen dutelako eta, hazkunde ekonomikoa eta enplegu sorrera suspertzen diren mailan, langileen itxaropenak berpiztu baitira. Hainbat mobilizazio sozial horren adibide dira.

Garrantzitsuena, zalantzarik gabe, tren sektorean gertatzen ari da. Izan ere, otsailaren erditsuan, Jean-Cyril Spinetta enpresaburuak Edouard Philippe lehen ministroari txosten bat helarazi zion non hainbat proposamen egiten zituen SNCFa erreformatzeko asmoz, hala nola, empresa publikoa sozietate anonimo batean bilakatzea, errentagarriak ez diren lineak bertan behera uztea edo kontratatu berriek ez enplegatu publiko estatusa edukitzea. Philippe-n gobernuak proposamen horiek bere egin ditu, sindikatuen haserrea piztuz. Indar-harreman bat sortu nahian, bereziki CGT eta Sud sindikatuek, hiru hilabetean, 36 greba egun egingo dituzte. Apirilaren 3 eta 4ean izan diren lehen lanuzte egunak oso jarraituak izan dira, kontuan izanik SNCFeko gidarien %77ek eta kontrolatzaileen %69ek bat egin dutela grebarekin. Horren ondorioz, Habiadura Handiko Trenen %88ak eta eskualdeko trenen %80ak ez dira ibili. Beraz, mobilizazioa, gogorra, iraunkorra eta jarraitua izatea espero da.

Garraiogintzan, SNCF ez da greban dagoen enpresa bakarra. Izan ere, Air France-eko langileek mobilizazioak egin dituzte apirilaren 3an eta beste greba egunak iragarriak dira apirilaren 7, 10 eta 11n. Otsailaz geroztik, intersindikalak bultzatutako borrokak, soldatak %6a igotzea nahi du (%11ko igoera pilotuen kasuan), jakinik soldatak izoztuak daudela 2011az geroztik, langileen emankortasuna hobetu dela eta Air France-k 590 milio eurotako irabaziak izan dituela 2017an. Greba horiek langileen gehiengo zabal baten babesa jaso dute eta Lufthansa konpainia alemandarrak berrikitan gauzatu dituen soldata igoerak erreferentzia gisa hartu ditu.

Lan uzteek beste sektore batzuk ere ikutzen dituzte, sektore elektrikoa adibide dela. Hain zuzen ere, CGT sindikatuak bultzaturik, hiru hilabeteko mobilizazioak hasi dira EDF-GDF enpresaren baitan energiaren zerbitzu publikoa babesteko eta bere liberalizazioari aurre egiteko. Grebez aparte, hainbat ekintza burutzea aurreikusten dute, besteak beste, zentral nuklearretako kargak gutxitzea, enpresa batzuek jasotzen duten elektrizitatea moztea ala gune geografiko batzuei prezio merkeagoak aplikatzea.

Garbitzaileek ere bat egin dute mobilizazio horiekin. Sindikatuek, hondakinen zerbitzu publiko nazional baten sorrera eta sektore horretako langileentzako estatus publiko bakarra aldarrikatzen dituzte. Era berean, sektore horretako lanaren zailtasunaren aitortza eta erretiroa bost urte lehenago hartzeko aukera eskatzen dituzte, beti ere pentsio osoa eskuratuz, baita lan ordutegiaren murrizketa ere. Mugagabea den greba horrek, bereziki Paris, Marsellas, Montpellier eta Frantziako ipar zein ekialdea ikutuko ditu.

Ikasleak ere ez daude geldirik. Izan ere, duela zenbait aste, grebak eta Unibertsitate okupazioak gertatzen ari dira Frantzia osoan “ikasleen orientazio eta arrakasta” legearen aurka protesta egiteko. Gaur egun, 70 Unibertsitatetarik 10 greban daude, besteak beste, Paris I, Paris VIII, Nantes, Montpellier, Tours ala Limoges-eko Unibertsitateak. UNEF eta UEC sindikatuek bultzaturik, mobilizazioak hedatu zein indartu nahi dituzte, Philippe-n gobernuak atzera egin dezan, kontsideratzen baitute erreforma horrek selekzioa jarriko duela goi mailako irakaskuntzarako sarbidean.

Goizegi bada jakiteko ea borroken konbergentziarik egon den ala ez, CGT sinditatuak nahiko lukeen bezala, argi dago giro soziala eraldatu dela eta sindikatuek Macron-ek bultzatutako erreformei aurre egin nahi dietela zerbitzu publikoaren eta langileen lan baldintzen izenean. Ikusi beharko da ea Philippe-k gidatzen duen gobernuak protesta horiei aurre egiteko nahia zein ahalmena daukan eta konfrontaziotik eztabaidara igarotzeko gaitasuna duen.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *