Lurraldetasunean sakontzeko aukera

Posted by on October 19, 2015 in Berria, Blog | 0 comments

Lurraldetasunean sakontzeko aukera

 

Azken hilabete hauetan, Euskal Autonomi Erkidegoko eztabaida politikoa estatus berriaren, independentziaren edota erabakitze eskubidearen inguruan antolatu da, Eskoziako eta Kataluniako prozesuak irizpide izanik. Eskumenen, aldebakartasunaren ala erabakitze ahalmenaren inguruan alderdi eta erakunde ezberdinak posizionatu dira. Aitzitik, sujetu politikoaren gaia ez da hainbeste aipatu, nabaria balitz bezala Euskal Herria hiru errealitate politiko-administratibotan banatua dagoela eta, beraz, erabakitze eskubidea eremu bakoitzari dagokiola. Gaur egungo zatiketa politikoa habiapuntu gisa onartzeaz gain eta pragmatismoz jarduteaz haratago, joera horretan nazio ikuspegiaren eta lurraldetasun arazoaren ahultze joera bat ageri da. Independentzia eta lurraldetasuna ikur dituen ezker abertzaleak berak, zazpi probintzien bateratze asmoa bigarren maila batean utzi duela dirudi.

Jarrera horrek paradogikoa dirudi azken hilabeteetan eta urrengo urtean suertatu diren eta gertatuko diren eraldaketa politiko eta instituzionalak kontuan izanik. Hain zuzen ere, lurraldetasunean aurrera egiteko aukera objetiboak inoiz ez dira hain handiak izan, batik bat Nafarroan eta Iparraldean.

Batetik, azken udal eta foru hauteskundeetan eskuratutako emaitzei esker eta lau alderdien artean lortutako akordioak direla medio, Nafarroako Gobernuan eta hainbat udalerri nagusitan exekutibo berriak boterera iritsi dira. Herritarren aldaketa gogoak eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerra alderdien jarrera arduratsuak, “erregimena” deiturikoa hankaz gora jarri eta alternantzia zein alternatibaren bidea iriki dute. Nafar gobernu berriaren lehentasunetariko bat, gainontzeko euskal lurraldeekin harremanak normaltzea eta lankidetzaren bidea berriz hartzea izan da. Urkullu lehendakariarekin batzeaz gain, hainbat lan-ildo jorratu ditu, hala nola, kontzertu eta konbenio ekonomikoen babes bateratua, lankidetza ekonomikoa ala ETB jasotzeko aukera. Horrekin batera, Uxue Barkos-ek Euskadi-Akitania Euroeskualdean sartzeko asmoa agertu du, azken hogei urteetako bizkar-emateari amaiera emanez.

Bestatik, ipar Euskal Herriak une erabakiorra bizi du bere instituzionalizazioari dagokionez. Izan ere, estatus bereziko Lurralde Elkargoaren inguruan lortutako adostasun politiko zabalari esker eta azken udal zein departamentu hauteskundeetan zerrenda abertzaleek lortu dituzten emaitza onak direla eta, frantses estatua eskaintza alternatibo bat egitera derrigortua izan da. Berrikitan Pirineo Atlantikoetako Departamentuko prefetak adierazi duen bezala, instituzio propio bat sortzeko aukera mahai gainean dago. Hiri Elkargoa ala Aglomerazio Elkargoa izanda ere, lehen aldiz, iparraldeak, ezagupen politiko-administratiboa izateaz haratago, hautetsi, eskumen eta aurrekontu propioak izango lituzkeen instituzio integratu bat edukiko luke. 2017ko urtarrilaren 1ean, horrelako instituzio bat sortu dadin, nahikoa izango da lurralde horretako biztanleariaren eta udalen erdiak baino gehiagok baiezkoa eman dezaten, iparraldeko158 udaletxeen bozken bidez.

Instituzio berri hori sortzeak bere biziko garrantzia edukiko luke, jakinik mugaz-gaindiko lankidetza bere eskumenen barnean izango litzatekeela, bertako hautetsiek horrela erabakitzen badute, eta ordurarte indarrean dauden egiturak ordezkatuko lituzkeela. Hori dela eta, Elkargo berriak, mugazgaindiko lankidetza sustatuko lukeen politika publikoak osatzeko eta gauzatzeko ahalmena edukitzearekin batera, harreman instituzional zuzenak edukitzeko aukera izango luke hego Euskal Herriko Autonomo Erkidego, Foru Aldundi eta Udaletako gobernuekin. Zentzu horretan, ez legoke Eskualde eta Departamentu Kontseiluen menpe. Bestela esanda, iparraldearen erakundetzeak, euskal lurraldetasunean sakontzeko aukera oparoa eskaino luke.

Baina, euskal lurraldetasunean sakondu ahal izateko, ezinbestekoa da zenbat printzipio gogoan izatea. Lehenik eta behin, eremu politiko-administratibo bakoitzaren izaera errespetatzea, bakoitza sujeto propio gisa onartuz zabalagoa den euskal sujetuaren barruan eta, ondorioz, erabakitze eskubide berezia ezagutuz. Bigarrenik, lurralde bakoitzaren erritmoak kontuan hartzea, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko habiadurak ez baita berdinak eta, zer esanik ez, ipar Euskal Herriarenak. Hirugarrenik, nortasun hamankomuna sustatzea, historia, kultura eta hizkuntza partekatua agerian utziz, baita ere elkar-ezagutza sustatuz. Izan ere, azken urte baita hamarkadetan ere, eremu bakoitzeko herritarrek beste lurraldeetako biztanleekiko duten ezagutza eta jakinmina urritzen joan dira, urruntasun bat sortuz. Eta laugarrenik, boronte eta ausardia politikoa edukitzea, banaketa politiko-administratiboak sortzen dituen inertziak gainditzeko asmoz.

Printzipio horiek kontuan ez izan ezkero, iraganeko akatsak errepikatzeko eta ezsenatoki politiko zein instituzional berriak eskaintzen dituen aukerak ez probesteko arriskua dago.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *