KONSTITUZIO KONTSEILUKO EBAZPENAREN ONDORIOAK

Posted by on September 15, 2021 in Audiovisual, Berria, Blog | 0 comments

KONSTITUZIO KONTSEILUKO EBAZPENAREN ONDORIOAK

Maiatzaren 21ean, Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legearen bi artikulu esanguratsu bertan behera utzi dituen ebazpena plazaratu zuenetik, kezka nagusitu da Hexagonoko hizkuntza gutxituak praktikatzen diren eskualdeetan. Izan ere, frantses konstituzioaren 2. artikuluari behin eta berriz erreparatuz, zeinak dion Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela, bereziki murgiltze eredua aplikatzen duten eskolak zalantzan jarriak dira, izan daitezela sare publikoan ala kontratupeko sare pribatuan. 

Arrangurak haserreari eta mobilizazioari tokia utzi die, hizkuntza zein hezkuntza-eragileek baita tokiko hautetsiek egindako kritika gogorrak aintzat hartuz gero eta antolatu diren manifestaldi jendetsuak kontuan hartuta, batik bat Bretainian eta Ipar Euskal Herrian. Mobilizazio horiek berain eragin politikoa izan dute, batetik, Jean Castex lehen ministroak bi diputaturi eskatu baitie ebazpen horren ondorioak aztertu ditzaten, eta, bestetik, Emmanuel Macronek berak, facebook-en bidez, hizkuntza gutxituen aldeko adierazpenak egin baititu. Ekimen nola deklarazio horiek eskualde eta departamentu hauteskundeen bezperan eginak izan dira hautesleak lasaitzeko asmoarekin eta zigor elektorala ez dadin handiegia izan.

Kontua da, erabaki horrek eragindako lurrikara politikoa eta sortutako segurtasun-eza juridikoa indarrean daudela. Izan ere, konstituzioaren nahiz Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren irakurketa literal bat eginez geroz, legea betetzearen bermatzailea den Estatuak, murgiltze eredua debekatu beharko luke legez kanpo legokeelako. Aitzitik, egoera ez da erabat berria, frantses konstituzioaren 2. artikulua 1992an onartu baitzen, eta, gerotik indarrean egon arren, horrek ez baitu suposatu murgiltze ereduaren debekua, aurkakoa baizik. Egia da, era berean, 2008ko konstituzioaren erreformaz geroztik, 75-1 artikulua onartu dela zeinak dion hizkuntza gutxituak Frantziako ondarearen zati bat direla.

Testuinguru horretan, zalantzak dira nagusi. Batetik, zer gertatuko da, esperimentazio-moduan, murgiltze eredua aplikatzen duten Iparraldeko eskola publiko eta pribatuekin? Esperimentazioak jarraituko du ala etengo da, eta, horrela bada, noiz? Horrez gain, murgiltze eredua jartzeko eskaera egin duten herriei zer nolako erantzuna emango zaie? Bestetik, zein izango da hasera batetik murgiltze eredua erabiltzen duten ikastolen etorkizuna? Hezkuntza ministerioarekin izenpetu dituzten asoziazio-kontratuak mantenduko dira ala berrikusiko dira, eta, horrela bada, noiz eta zein baldintzatan? Azkenik, zein izango da Hezkuntza ministerioaren jarrera, bereziki eskola eta irakasle lanpostu berriak eskatuko zaizkiolarik?

Batik bat, 2022ko hauteskunde presidentzial eta legegileak igaro arte, ez dirudi Hezkuntza ministerioak bere jarrera gogortuko duenik, hautesleen zigorra ez jasateko hizkuntza gutxituak praktikatzen diren eskualdeetan, izan dadila Ipar Euskal Herrian, Bretainian, Okzitanian, Alsazian ala Korsikan. Iparraldeari dagokionez, Ministerioak hartu berri dituen lehen erabakiek hori islatzen dute, ikasturte berrirako murgiltzen eredua martxan jartzeko luzatu zitzaizkion lau eskaeretatik hiru onartu baititu eta soilik bat errefusatu baitu arrazoi teknikoak direla medio. Zentzu horretan, murgiltze eredua aurreko urteetan baino gehiago haziko da. 

Zer gertatuko da, ordea, hauteskunde horiek igaro ostean eta kontuan izanda Frantziako politikagintzaren grabitate zentroa eskuinerantz mugitzen ari dela. Batetik, ikusteke dago ea Emmanuel Macron berriz hautatua izango den eta, horrela bada, ea gehiengo parlamentario bat izango duen. Bestetik, iritzi-zundaketa ezberdinek iragartzen dute 2022ko apirilean izango diren presidentetza hauteskundeetako lehen hiru hautagaiak eskuin-muturrekoak, eskuinekoak eta zentro-eskuinekoak izango direla. Ezkerreko hautagai ezberdinek, aldiz, guztira, %30a besterik ez lukete lortuko. Baina, une berean, hizkuntza gutxituak babesten eta sustatzen dituzten eragileek beraien mobilizazio-gaitasuna erakutsi dute eta hautetsiak zein gizarte eragileak elkarlanean dihardute, Estatuaren jarrera aldatzeko ahalmena dutela agerian utziz.

Testuinguru horretan, EHUko Udako Ikastaroen kari, Donostiako Miramar Jauregian batu diren ikertzaile, hautetsi, erakunde zein federazio arduradunek bi aterabide bateragarri aurreikusten dituzte. Alde batetik, hauteskunde giroa baliatu daiteke hizkuntza gutxituen eta konstituzioaren erreformaren gaiak plazaratzeko, agenda politikoan sartu daitezen eta hautagaiak horien arabera posizionatu daitezen. 2. artikulua aldatzea zaila badirudi, 75-1 artikulua osatu daiteke, murgiltze ereduari babes konstituzional bat eskaintze aldera. Behin hauteskundeak igarota, lan parlamentarioari ekin beharko litzaioke ekimen zehatz bezain eraginkor bat aurrera eramanez. Beste aldetik, mobilizazioa eta negoziazio uztartuko lituzkeen presioak jarraitu beharko luke Hezkuntza ministerioarekin indar-harreman bat sortzeko eta, horren bidez, ez dadin atzerapausorik izan eta, are gehiago, aurrerapauso berriak eman daitezen.

2021eko irailaren 14ean, BERRIA egunkarian argitaratutako artikulua.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *