KATALANDAR INDEPENDENTISMOAREN ERRONKAK

Posted by on December 30, 2017 in Audiovisual, Berria, Blog | 0 comments

KATALANDAR INDEPENDENTISMOAREN ERRONKAK

Nahiz eta kataluniako autonomia suspenditua izan espainiar konstituzioaren 155. artikuluaren aktibazioaren ondorioz, bi zerrendaburu independentista erbestean ala kartzelan egon, eta estatuko komunikabideak inoiz baino gehiago mobilizatu bozka konstituzionalista aktibatzeko asmoz, hiru zerrenda independentistek lortu dute gehiengo absolutuari eustea. Izan ere, historikoa izan den parte-hartze batean (%82), independentismoak 70 eserleku eskuratu ditu eta bere bozka-kopurua handitu du 2015eko hauteskunde autonomikoekin alderatuta (2.048.476 bozka 2017an eta 1.966.608 2015ean). Behin eserlekutan gehiengoa eskuratutako, katalandar independentismoak zenbait erronkari aurre egin behar die.

Lehenik eta behin, gobernua osatu eta lehendakaria izendatu beharko ditu, ezinbesteko baldintza baita autonomiaren esku-hartzea bertan behera uzteko eta alderdi katalandarrek bertako instituzioen kontrola berriz hartu dezaten. Jadanik, JxCat, ERC eta CUP hitzegiten hasiak dira, lehen bai lehen, akordio batera iritsi daitetzen inbestidura saiorako eta gutxiengoko gobernu-akordio batentzako. Gobernua, JxCat eta ERCek osatu beharko lukete, CUPen babesarekin, nahiz eta azken honek ez duen baztertu kontzentrazio-gobernu batean parte hartzea. Akordio hori lortu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Katalandar Errepublika gauzatzeko estrategia hamankomun bat finkatzea eta bide-orri bat osatzea. Aurkeztu behareko lehendakari-gaiaren aukeraketa ez da errazagoa izango, kontuan izanik Puigdemont-en aurkako atxiloketa-agindua indarrean dagoela eta, urtarrilaren 4ean, Llanera epaileak horrela erabaki ezkero, Junqueras aske geratu daitekela, nahiz eta inputatua izaten jarraitu.

Bigarrenik, alderdi independentistek bide-orri berri bat zehaztu beharko dute 2012an habiatutako prozesu soberanista berpizteko. Azken bost urteetan hobetsitako aldebakarreko bideak bere mugak erakutsi ditu, batik bat indar soberanistak ez badira desobedientzia zibil zein instituzionala bere muturreraino eramateko prest, horrek suposatzen dituen ondorio guztiekin. Hauteskunde-kanpainan zehar, CUPek aldebakartasunari eutsi badio, JxCat-ek eta, batez ere, ERCek aldebikotasunaren bidea lehenetsi dute. Baina, ez batak ez besteak ez dute zehaztu zertan oinarrituko den aldebikotasun hori, ez daukatelako argi ala, buruzagi independentista asko inputatuak dauden neurrian ala inputatuak izateko arriskupean dauden mailan, nahiago izan dutelako beraien kartak ez erakustea. Edozein kasutan, bide-orri hori, lehen bai lehen, osatu zein plazaratu beharko dute; are gehiago jakinik ANC eta Omnium Culturalek ordezkatzen duten gizarte zibil antolatua ez dela geldirik geratuko.

Hirugarrenik, gobernu berriak gobernu-programa bat osatu behar du katalandar gizarteak dauzkan arazo nagusiei aterabide bat aurkitzeko. Prozesu soberanistatik at, hazkunde ekonomikoa bermatu, enplegu-sorrera sustatu eta herritarren ongizate soziala ziurtatu beharko ditu. Horrek, gutxiengo ziurtasun zein egonkortasun bat eskaintzea suposatzen du, enpresek ez dezaten beraien egoitza tokiz aldatu, inbertsoreek bertan dirua ezarri dezaten eta bezeroak berriz kontsumitzen hasi daitetzen. Horrez gain, defizit eta zor publikoen arazoari heldu beharko die, presio fiskala handituz eta zergaren progresibitatea areagotuz, beti ere enpresen inbertsio-gaitasuna eta kontsumitzaileen erosmen-ahalmena ahalik eta gutxien kaltetuz. Azkenik, urteetako murrizketa politikak pixkanaka bertan behera uztea komeni izango da, xahupen publikoa handituz eta, bereziki, hezkuntza, osasungintza eta gizarte zerbitzuei sagaratutako diru-partidak hemendatuz, herritarren bizi-kalitatea hobetze aldera.

Laugarrenik eta azkenik, Estatuaren eraso judizialari aurre egin beharko die. Izan ere, gaur egun, Parlament-eko 18 diputatu inputatuak daude, horietariko bi President izendatuak izan daitezkela jakinik. Horiez gain, Auzitegi Gorenak, Mas, Rovira, Gabriel eta Pascal imputatu-berri ditu matxinada delitua loporaturik. Era berean, ANC, Omnium Cultural eta Indepentziaren Aldeko Udalen Elkarteko buruak ere ikerketapean daude. Egoera horrek, Damocles ezpata bat suposatzen du erakunde eta gizarte zibil antolatuko ordezkari nagusien gainean. Baldintza horietan, zaila dirudi politikagintza baldintza normaletan egitea eta beraien egitasmoak askatasunez aurrera eramatea. Berrikitan, CUPeko bi udal hautetsi atxilotuz eta poliziaren ikerketa beste ehun bat izenetara hedatuz, ez dirudi espainiako justizia bere erasoa eteteko asmoarekin dagoenik. Epe motzean, legediak eskaintzen dituen zirrikitu guztiak erabiltzea besterik ez da gelditzen, kartzelan daudenak baldintzapean aske geratu daitezen eta neurri-gabeko erabakiak auzitegietan errekurrituz, lehenik Espainian eta ondoren Europan.

Arazoa da, erronka guzti horiei une berean aurre egitea zaila izango dela, kontuan izanik kontraesangarriak izan daitezkela.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *