Itun Aukerak

Posted by on October 10, 2016 in Berria, Blog | 0 comments

Itun Aukerak

Hauteskunde gauean bertan, bozen kontaketa amaitu zenean, bazirudien itunak argi zeudela, bai inbestidurarako, bai gobernagarritasunerako, bai herri-itunei dagokionez. Izan ere, EAJk, 29 eserleku lortzeaz gain, oposizioko alderdi guztiekin akordioak lortu zitzakeen, aldi bakoitzean gehiengo osoa lortuz. Testuinguru horretan, bi itun mota lortzeko asmoa erakutsi zuen: batetik, inbestidura eta gobernagarritasuna PSErekin adostea; eta, bestetik, herri-itunak EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugurekin adostea, bi gauza ezberdin bezain bereizi balira bezala. Kontua da, irailaren 30an, batzorde elektoralak, atzerriko bozak zenbatu ostean eta, bereziki, EH Bilduk jarritako 18 errekurtsoak aztertu ondoren, Bizkaiako azken eserlekua EH Bilduri eman ziola EAJren kalterako. Eserleku bakar horrek zeharo aldatu ditu itun aukerak.

Inbestidurari dagokionez, nahiz eta Euskal Autonomi Erkidegoko legea ez den Estatuaren antzekoa, ezinezkoa baita aurka bozkatzea, gehiengo sinplea nahikoa baita eta inbestidura saio berean hautagai bat baino gehiago aurkeztu baitaitezke, gauzak ez daude irailaren 25ean bezain argi. Izan ere, inbestidura lortzeko, Iñigo Urkulluri, bere alderdiaren bozak (28) agian ez zaizkio nahikoak izango, batez ere EH Bilduk bere hautagaia aurkezten badu eta Elkarrekin Ahal Duguk bere bozaren zentzua argitzen ez badu. Hain zuzen ere, nahiz eta aukerak urriak izan, Elkarrekin Ahal Duguk bere 11 bozak EH Bilduren 18 bozei gehituko balizkio, lehendakaritza EH Bilduren esku egongo litzateke. Horren jakitun, litekeena da, batik bat Urkulluren zuhurtzia kontuan izanik, EAJk PSErekin ituna bilatzea, baita inbestidurarentzako ere, 37 baiezko bozekin lehendakaritza ziurtatua ukango bailuke.

Gobernagarritasunaren kasuan, aukerak zabalagoak dira. Izan ere, PSErekin adostasun batera iritsita ere, izan dadila legealdi-itun ala gobernu-itun baten bidez, bozka bat eskas luke gehiengo osoa lortzeko. Horrek eramango luke hirugarren bazkide baten bila joatera, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu ala Alderdi Popularra izan dadila. EH Bilduk jadanik iragarri du gobernagarritasun ituna eta herri-ituna erabat lotuak daudela eta bata ezin dela bestearengandik bereizi. Iragan den astean, Elkarrekin Ahal Duguk EAJrekin mantendu zuen bilkuran esan zion oposizio aktibo bat burutuko zuela. Eta Alderdi Popularra, sozio ezerosoa izan daiteke ikusita zer nolako berzentralizazio politika burutu duen azken bost urteetan eta zein jarrera erakutsi duen estatus berriaren inguruan.

Horrek, EAJri bi aukera eskaintzen dizkio. Bata litzateke PSEren inbestidura eta gobernagarritasuna lortzea eta, une oro, beste sozio baten bila ibiltzea, horrek sortzen duen ziurgabetasun eta menpekotasunarekin. Aitzitik, koherentea litzateke EAJk PSErekin dituen itunekin bai Foru Aldundietan, bai udal askotan, bai Eusko Legebiltzarrean aurreko legealdian. Bestea litzateke, aliantza sistema zeharo aldatzea eta Elkarrekin Ahal Dugu eta, batez ere, EH Bildurekin akordio handinahi bezain sendo bat lortzea, bai inbestidurarako, bai gobernagarritasunarentzako, bai herri-egitasmoentzako. Itun horrek aukera eskainiko lioke egonkortasuna lortzeko eta herri-eraldaketa bultzatzeko, bereziki bake eta elkarbizitzan baita ere autogobernu eta erabakitze eskubidean.

Azken aukera honek, bi oztopo gainditu beharko ditu. Batetik, 18. eserlekua lortzearekin batera, EH Bildu zentraltasun egoera batean aurkitzen da itun aukerak biderkatzen baitzaizkio. Izan ere, EAJrekin zuzenean eta bakarrik adostu dezake alor guztietan (46 eserleku), EAJ eta Elkarrekin Ahal Dugurekin akordioak lortu ditzake gizarte politika eta erabakitze eskubidearen inguruan (57 eserleku), eta Elkarrekin Ahal Dugu zein PSErekin ezkerreko politikak adostu ditzake, aurreko legegintzaldian Etxebizitza legearekin gertatu zen bezala. Bestetik, bere kudeaketa eta hauteskunde-kanpaina, zentraltasunaren, zeharkakotasunaren eta moderazioaren inguruan antolatu dituenez, EAJk bozak jaso ditu, maila handi ala txikiago batean, gainontzeko alderdietatik. Ondorioz, EH Bildurekin itun handinahi bat izenpetuko balu, sektore horien babesa galtzeko arriskua luke.

Herri-itunen kasuan, itun-aukerak mugatuagoak dira. Edo, EAJ PSErekin batzen da euskal autogobernuaren azaleko aldaketa bat burutzeko eta elkarbizitzan aurrerapauso batzuk emateko. Edo, Elkarrekin Podemos eta, batik bat, EH Bildurekin biltzen da eremu guztietan aurrerapauso erabakigarriak emateko. Autogobernuaren mailan, estatus berriak, eskumen berriak eskuratzeaz gain, nazio-izaeraren onarpena, erabakitze eskubidearen aitorpena eta aldebikotasuna barnebilduko lituzke. Halaber, armagabetzean, presoen bergizarteratzean, biktima guztien onarpenean zein babesean, eta memoria zein kontakizun komun baten osaketan aurrera egingo litzateke. Azkenik, lan-harremanen esparru propioan, hitzarmen kolektiboen berrindartzean, eztabaida sozialaren berraktibazioan, enplegu publikoaren sustapenean eta lan-politika aktiboen indartzean aurrerapausoak emango lirateke. Azken aukera honek indarra hartu lezake Espainiako gobernuan Alderdi Popularrak berriz ere agintzen badu Ciudadanos-en babesarekin. Horrek esan nahiko luke berzentralizazio estrategia indartuko litzatekeela eta, horren ondorioz, euskal autogobernua pixkanaka bere edukiz usten joango litzatekeela.

Edozein kasutan, itun aukerak anitzak bezain ezberdinak izan daitezke, legealdi interesgarri bat iragarriz.     

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *