Ipar Euskal Herriarentzako Instituzio Bat

Posted by on February 14, 2016 in Berria, Blog | 0 comments

Ipar Euskal Herriarentzako Instituzio Bat

Ipar Euskal Herriaren erakundetzea une erabakior batean sartu da bertako udalen gehiengo zabal batek frantses gobernuak egindako proposamenari baiezkoa eman diolako. Izan ere, 2015. urte amaieran, Iparraldeko 158 udalek bozka kontsultibo batean parte-hartu dute, Prefetak egindako erakundetze-proposamena berresteko ala errefusatzeko aukera izanik. Loteslea ez bazen, erabakiorra bezain loteslea izango den bozka bati utziko dio lekua 2016ko udaberrian. Bitartean, mankomunitate horren sorreraren, ibilmoldearen, eskumenenen eta diruztapenaren inguruan eztabaidatuko da baita komunikazio lan bat egingo ere, Iparraldeko udal-hautestsiek ahalik eta informazio gehien eduki dezaten ezgutzatz eta kontzientziaz erabakitzeko. Lehen bozketaren emaitzak baieztatzen badira, Ipar Euskal Herria azkenean erakunde propio batetaz hornituko litzateke.

Prefetaren proposamena frantziako estatuaren deszentralizazioaren hirugarren fasean kokatzen da, 2015eko abuztuaren 7an Notre Legea legebiltzarrak onartu ostean. Frantziaren lurralde antolaketa eraldatzen duen lege horrek, batez ere Eskualdeak eta Mankomunitateak indartzen ditu. Era berean, Eskualdeen kopuruaren murrizketa aurreikusten du, 22tik 13ra igaro baita, horietariko batzuen bateratzearen bitartez. Hori bera gertatu zaio Iparraldea barnebiltzen duen Akitania Eskualdeari, Limousin eta Poitou-Charentes-ekin batua izan baita. Horrekin batera, lege berriak honako eraldaketak aurreikusten ditu: Eskualdeen eskumenen hedapena, batik bat garapen ekonomiko, lurralde antolaketa iraunkor eta garraio arloetan; Eskualdeen eta Departamentuen gaitasunen klausula orokorraren ezabapena, bikoiztasunak ekiditzeko; eta mankomunitateen handitzea, gutxienez, 15.000 biztanle eduki beharko baitituzte.

Aitzitik, Iparraldeari Gobernuaren Ordezkariak egin dion proposamena erabat lotua dago, 1990. hamarkadaz geroztik eta bereziki 2002an Batera plataforma sortu zenetik, berpiztu den lurralde aldarrikapenari. Izan ere, alderdiak, sindikatuak, elkarteak eta persona independienteak batzen dituen plataforma horrek, hainbat mobilizazio antolatu ditu, manifestaldi ala izenpetze-bilketen bitartez, gai hau ikutzen dituen eragile guztiak aktibatu eta batu guraz. Halaber, abertzaleek azken udal eta departamentu hauteskundeetan lortutako emaitza onei lotua dago. Hain zuzen ere, departamentu hauteskundeetako lehen itzulian, EH Baik, %16,09a eskuratzeaz gain, 12 barrutietatik 5etan bigarren itzulira saikatzeko txartela lortu zuen, esan nahi baita lehen ala bigarren posizioan kokatu zela. Eta bigarren itzulian, 24.000 bozken langa gainditu zuen, gainontzeko alderdietako hautesleak erakartzeko gaitasuna erakutsis. Frantses eskubi eta ezkerreko arduradun politikoek azkar bezain ondo ulertu zuten aldaketa, eta beraien diskurtso zein estrategiak moldatzen hasi dira.

Une berean, Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluaren laguntza eta lankidetzari esker, funtsezko lan bat hasi du lurralde horren gobernantza eta erakundetzea berrikusteko. Lan horren emaitzak 2012. urte amaieran nabaritu dira, Estatus Bereziko Lurralde Elkargoaren inguruan, alderdi politiko eta erakunde sozial anitzen arteko adostasun zabat bat lortu baita. 2013tik gora, legebiltzarkideak, Baionako Merkatal eta Industria Ganbara, Udalen Biltzarra eta Batera Plataforma batzen zituen Koordinakunde batek lurralde-egitasmo hori bultzatu du. Deszentralizazio Ministroarekin hainbat bilkuretan parte-hartzeaz gain, Elkargoaren Batzarrak antolatu ditu baita zenbait manifestaldi jendetsu ere, bata Baionan 2013ko ekainean eta bestea Maulen urte beraren azaroan. Eta, nahiz eta aldarrikapena eztabaida parlamentarioan zehar baztertua izan eta 2013ko azaroaren 20ean Lehen Ministroak ofizialki ezezkoa eman, azken honek gonbidapena luzatu zien gobernantza eta erakundetze berri baterako eszenatokiak aztertu ditzaten.

Une horretan, alegia 2014ko ekainean, Pirineo-Atlantikoetako Prefetak formula ezberdinak proposatu zituen, Hautestsien Kontseiluak horien inguruan hausnarketa bat burutu zezan. Orduz geroztik, sakoneko lan bat egin du, mankomunitateekin lankidetza estuan harituz, Ipar Euskal Herri osorako mankomunitate bakar baten sorreraren inguruan. 2015eko abuztuaren 8an, Notre legea Aldizkari Ofizialean argitaratuta, erakundeak frantziako mankomunitateen mapa berrikusten hasi ziren. Horren baitan, haurtengo martxo eta apirila bitartean, Iparraldeak bozketa lotesle batean parte-hartuko du. Baiezkoak irabazten badu, lehen aldiz 1789ko frantses iraultzaz geroztik, lurralde horrek erakunde propioa edukiko luke.

Instituzio berri horrek hasera batean lor ditzaken eskumenetatik haratago, bere izaeraren ezagupen ofizial bat lortuko luke eta barreiatuta dauden hainbat eskumen zein erakunde barnebiltzeko aukera emango lioke. Are gehiago, ezerk ez du debekatzen, legedia errespetatu ezkero eta denbora joan ahala, udalek eskumen batzuk mankomunitatera igo ditzaten baita ere, horrela erabaki ezkero, Eskualdeak ala Departamentuak eskumen batzuk transferi ditzaioten.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *