GOBERNAGARRITASUNAREN BALDINTZAK

Posted by on November 1, 2016 in Audiovisual, Berria, Blog | 0 comments

GOBERNAGARRITASUNAREN BALDINTZAK

Mariano Rajoyk, Espainiako Kongresuaren inbestidura lortu ostean, 170 aldeko bozekin eta sozialisten abstentzioari esker, ostegunean gobernu berria osatuko duela iragarri du, ministroek Felipe VI erregeari zin-egin diezaioten. Hortik aurrera, gobernagarritasuna izango da Rajoyren erronkarik nagusiena, are gehiago kontuan izanik Alderdi Popularraren, Ciudadanos-en eta Coalición Canaria-ren babesa bakarrik daukala eta, gehiengo osoa lortzeko, sei boz eskas zaizkiola. Funtsean, lau faktorek baldintzatuko dute gobernagarritasuna.

Lehenik eta behin, Rajoy beraren jarrerak bere-biziko garrantzia izango du. Izan ere, azken bost urteetan legebiltzarrean zeukan gehiengo osoa erabili badu bere egitarau zein asmoak inposatzeko, oposizioaren laguntza bildatu gabe eta bere bakardadea eraginez, gobernu berriak apaltatasuna, inteligentzia politikoa eta adostasunera iristeko gaitasuna erakutsi beharko ditu. Eta jarrera berri hori azkar agerian geratu beharko du ez badu nahi oposizioak fronte bateratu bat osa dezan. Inbestidura saioak mezu kontraesangarriak agerian utzi ditu zeren, hasera batean, Rajoyk adierazi badu bere gutxiengoaz jabetu dela eta dialogoa hitzeman badie gainontzeko alderdiei, aurrekontuak eta lege nagusiak aurrera ateratzeko, larunbateko saioak argi utzi du ez dagoela aurreko legegintzandian eraikitakoa desegiteko prest eta marra-gorri batzuk jarri ditu. Indar-erakustaldi horrek agerian utzi du, badakiela, hauteskunde berriak antolatu ezkero, Alderdi Popularra indarturik aterako dela eta hogei-bat eserleku irabazi ditzakeela.

Bigarrenik, oposizioko lehen alderdia, PSOE alegia, erabat ahulduta eta zatituta dago. Izan ere, Alderdi Sozialistaren zuzendaritzaren baitan desadostasunak daude Rajoyren inbestidura saioan abstenitzerako orduan, Batzorde Federalaren %59ak bakarrik alde bozkatu baitu eta Kongresuko legebiltzar-taldearen 68 diputatu soilik abstenitu baitira, 15ek ezetz bozkatu dutelarik. Eta zenbait abstenitu dira boz-diziplinarengatik eta zuzendaritzaren presio zein mehatxuengatik. Horri gehitzen badiogu, Pedro Sanchez-ek bere diputatu-akta utzi duela eta publikoki irakarri duela urrengo hilabeteetan militante sozialistengana joango dela bere ikusmoldeaz eta hautagaitzaz konbentzitzeko, ez dirudi urrengo hilabeteak oso bareak izango direnik. Guztia ez da horretan amaitzen, gatazka honek agerian utzi baitu, zer-nolako haustura dagoen PSOEren zuzendaritzaren eta oinarriko militanteen artean, azken honen gehiango bat abstentzioaren aurkakoa baita. Kontua da, oso zatitua dagoen heinean, liderrik ez daukan bitartean eta estrategia zein egitasmo argiren faltan, ezinezkoa izango zaiola zentsura-mozio bat aurkeztea. Hori dela eta, litekeena da, urrengo hilabetean, Estatu-gaietan gobernuarekin bat-egitea eta gai sozioekonomikoetan oso jarrera oldarkorra erakustea.

Hirugarrenik, Rajoyren gobernuaren iraunkortasuna oso lotua izango da Kataluniako prozesu independentistari. Izan ere, Moncloak eztabaidari bidea isten dion mailan eta Generalitateak nahiz Kataluniako Legebiltzarrak deskonexio prozesuarekin aurrera egiten duen mailan, besteak beste, transitoritate juridikoaren eta Ogasun zein Segurantza Sozial propioen legeen onarpenekin eta 2017ko irailean galdeketa loteslea antolatzearekin, alderdi konstituzionalistek eta, batik bat, Alderdi Popularrak, Ciudadanos-ek eta PSOEk bat egingo dute. Horrek, Rajoyren gobernuari indarra emango dio, zaila izango baitzaie gainontzeko alderdi konstituzionalistei espainiako gobernua testuinguru horretan ahultzea eta, zer esanik ez, bere egonkortasuna kolokan jartzea. Izan ere, lege nagusiak ez onartzea eta, are gehiago, hauteskunde berriak probokatzea arriskutsua litzateke Espainiaren batasuna kolokan egon litekeen une horretan. Alderdi horien hausteleen zati batek ez luke ulertuko. Hori kontuan izanik, Rajoyren interesa izan litzateke Kataluniako erakundeekin mantentzen duen gatazka areagotzea, batez ere legediak eskaintzen dizkion tresnak erabiliz eta arazo katalandarra judizializatuz, beti ere, politikoki kontrolpean mantentzen duen bitartean.   

Laugarrenik eta azkenik, Europar Batasunaren presioa areagotuko da, defizita mugatze-aldera, murrizketak edota zerga igoerak burutu ditzan. Izan ere, espainiako gobernua funtzioetan zegoen bitartean, Europar Batzordea nahiko malgua izan da, ez baitio ixunik jarri eta ez baitizko Espainiak jaso beharreko egitura-funtsak izoztu. Baina, behin inbestidura lortuta eta gobernu berria osatuta, Europar Batasunak eskatuko dio, 2017ko aurrekontuetan, gutxienez, 5.500 milloiko ajusteak egin ditzan, defizita %4,6tik %3,1etara igarotze aldera. Horrek Rajoyren gobernuari eskatuko dio murrizketa berriak egitea hezkuntzan, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan eta, une berean, zerga batzuk igotzea. Gainera, azken bost urteetako joerarekin jarraitu ezkero, espainiar Estatuak defizit-aukerak beretzako gordeko ditu eta Autonomia Erkidego, Aldundi zein Udalei eskatuko die indarraren zati handiena beraien gain har dezaten. Hori dela eta, Rajoyk, gobernu-alderdien babesa eskatu eta, agian, lortu dezake Estatu-interesen, Espainiaren izen-onaren eta hartutako konpromezuen izenean.

Arrazoi guzti horiengatik, gerta daiteke osatuko den gobernu berriaren ibilbidea hasera batean uste zitekeena baino luzeagoa izatea.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *