ELKARGOAREN URTEMUGA

Posted by on January 29, 2018 in Berria, Blog | 0 comments

ELKARGOAREN URTEMUGA

Ipar Euskal Herria ordezkatzen duen Euskal Elkargoak bere lehen urtemuga bete du, 2017aren urtarrilaren 1ean osatu baitzen. Nahiz eta epe laburra izan, lehen balantze bat egin daiteke, erabaki eta egin denaren inguruan.

Lehenik eta behin, bere egiturak osatu eta martxan jarri ditu, izan dadila kontseilu komunitarioa, batzorde iraunkorra ala komite eragilea, baita ere gaien araberako batzordeak eta itsatsiak zaizkion erakundeak, hala nola Euskal Herriko Udalen Biltzarra eta Garapen Kontseilua. Soilik Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza garatzeko lan-batzordeak osatzea eskas zaio, mugaz gaindiko lankidetzari benetako bultzada instituzional bat eman ahal izateko.

Bigarrenik, legeak aurreikusten dituen derrigorrezko sei eskumenak bereganatu ditu, besteak beste, garapen ekonomikoa, lurralde antolaketa, etxebizitza, hirigintza ala zaborren kudeaketa, baita ere ura eta saneamenduarenak. Horri gehitu behar zaizkio, hartu dituen erabakiak hizkuntza politikaren arloan, delako lidergo bat bere eginez, nahiz eta eskumen hori gainontzeko erakundeekin partekatu.

Hirugarrenik, negoziaketa eta osaketa prozesuan zehar, barne oposizio bat egon bazen, Euskal Elkargoaren aurkako errekurtsu hierarkiko eta administratiboak ezarriz, denbora gutxian, barne-aurkaritza leundu da, erabat desagertu gabe. Behin indarrean zegoela ikusirik eta atzerabueltarik ez zuela jabeturik, erakunde horren aurkariak kritika eta proposamen zenbait egin badituzte ere, bere izaera bera ez dute kolokan jartzen.

Laugarrenik, zilegitasun politikoa irabazi du erakunde gisa, duela urte bat sortu arren. Izan ere, bakegintzan edukitako protagonismotik at, Euskal Elkargoak erakutsi du herritarren kezkei erantzuteko eta bere eskumenak modu eraginkorrean kudeatzeko gai zela, iparraldea osatzen duten eskualde ezberdinak ordezkatzearekin batera.

Bosgarrenik, erakunde berriak iparraldearen ordezkaritza politikoa bere egin du, bertako eta kanpoko eragile publiko zein pribatuekin solaskide nagusia bezala agertuz, nahiz eta eskumen ezberdinak izan. Zentzu horretan, esanguratsua da, bereziki bakegintzaren arloan, nola Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren parean kokatu den armagabetze prozesuan eta nola, espetxe politikari dagokionez, ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren lidergoa bereganatu duen Frantziako Justizia Ministerioarekin edukitako negoziaketetan.

Seigarrenik eta azkenik, Jean-René Etxegaraik betetzen duen lehendakaritza indartua atera da gaitasuna erakutsi baitu gai korapilotsuen inguruan adostasun zabalak lortzeko, euskal abertzale eta abertzale ez direnak elkarrekin lanarazteko, hizkuntza politikan erabaki esanguratsuak hartzeko (Euskararen Erakunde Publikoaren finantzamenduan, Euskal Elkargoaren parte hartzea, Estatuaren, Eskualdearen eta Departamentuaren mailan kokatuz) eta, batez ere, bakegintzan lidergo politikoa bereganatuz.

Horrek erakutsi du, dena ez dela eskumen kontua, bakegintza ez baita Euskal Elkargoaren eskumenetan sartzen, baizik eta borondate politikoak bere biziko garrantzia duela erakunde baten eraginkortasuna eta zilegitasuna lortzerakoan. Izan ere, gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen erakunde berri horren beharra eta baliagarritasuna, ezta ere bere aurkaririk sutsuenek.

Hala ere, Euskal Elkargoaren ibilbidea hasi besterik ez da egin eta, ondorengo hilabete eta urteetan, hainbat erronkei aurre egin beharko die. Honela laburbildu daitezke: 1) dauzkan eskumenak erabat betetzea eta eskumen fakultatibo nahiz hautazkoak bereganatzea, baita ere, Estatu, Eskualde eta Departamentuarekin eskumen batzuen delegazioa negoziatzea, bereziki mugaz gaindiko lankidetzan, Euskaran eta euskal kulturan; 2) bere diru-iturriak handitzea eta aniztea, dauzkan eskumenak bere osotasunean bete ahal izateko, kontuan izanik Estatutik datozen diru-laguntzak gutxituko direla Macron-ek iragarri duen bezala; 3) lurraldea, ekonomikoki sustatzea, sozialki kohesionatzea eta lurraldearen antolakuntzaren ikuspuntutik artikulatzea, giza garapen sostengarri baten izenean; 4) eta, estatus bereziko Lurralde Elkargorako trantsizioa ahalbidetuko duen baldintzak sortzea.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *