Elkargo bakarraren erronkak
Iparraldeko 158 udalak Herri Elkargo Bakarraren inguruan bozkatzen ari diren bitartean, kontuan izanik 2015eko azaroko bozketa-kontsultiboan biztaleriaren %65a ordezkatzen zuten udalen %71ak alde bozkatu zuela eta 2016ko maiatza-amaiera bitartean bozketa erabakiorra bide beretik doala, komeni da aztertzea zein diren erakunde berriak edukiko dituen erronka nagusiak etorkizun hurbilean. Izan ere, Hautetsien Kontseiluak gaur egun dauden 10 Herri Elkargoekin egindako lanaren ondorioz, Acadie gabinetearen laguntzarekin eta Pirineo Atlantikoetako Prefetaren zaindaritzapean, hainbat gai trenkatu dira Elkargo Bakarraren eskumenei, gobernantzari eta diruztapenari buruz. Honako erronkak azpimarratuko nituzke
Lehenik eta behin, epe ertainean, erakunde berriak dauzkan eskumenak indartu eta berriak eskuratu beharko ditu. Legearen arabera, Aglomerazio Elkargo izaera edukiko duen instituzio berriak, honako eskumenak ukango lituzke: garapen ekonomikoa; eremu komunitarioaren kudeaketa; etxebizitzaren oreka soziala; hirigintza eta zaborren kudeaketa. Horrez gain, ondorengo zazpi eskumenetatik hiru aukeratu beharko ditu: komunitate intereseko bideen sorrera, mantenua eta kudeaketa; saneamentua; ura; kutsaduraren aurkako borroka; komunitate intereseko kultura eta kirol ekipamentuen eraikuntza, egokipena, mantenua eta kudeaketa; komunitate intereseko ekintza soziala; eta zerbitzu publikoko etxeen sorkuntza eta kudeaketa. Horrez gain, Iparraldeko udalek horrela erabaki ezkero, Elkargoak eskumen berriak eskuratu ditzake, esaterako, kultura, euskara ala mugazgaindiko lankidetza. Azkenik, hala nahi badute, Estatuak, Eskualdeak eta Departamentuak bereak dituzten zenbait eskumenen delegazioa Elkargoari ematen ahal diezaiokete, jakinik delegazioa ez dela transferentzia eta delegatzen duen autoritateak bere kontrola gauzatzen duela. Beraz, legeak aukera ugari eskaintzen ditu eta horiek ahal bezain ondo probesten jakitean dago gakoa.
Bigarrenik, erakunde berriak, bere finantzaketa bermateaz gain, baliabide ugariagoak eta zerga autonomia handiagoa lortu beharko ditu berak nahi dituen politika publikoak gauzatu ahal izateko. Premia area eta nabariagoa da kontuan izanik Estatutik datozen dotazioak %25a gutxitu direla azken urteetan eta, horren ondorioz, Frantziako lurralde elkargoek beraien inbertsioak %10a jaitsi dituztela 2015ean. Legeak, bi diruztapen iturri nagusi aurreikusten ditu: pertsonen gaineko zergak (bizitegi zerga, eraikuntzen gaineko zerga, etabar) eta enpresen gainekoak (besteak beste, enpresen lur kotizazioa, enpresen gain-irabazien kotizazioa ala merkatal-guneen zerga). Diru-iturriak ugaritu ezean, zailtasunak edukiko ditu bere eskumenak behar bezala betetzeko, esaterako garapen ekonomiko eta hizkuntza politika arloetan, eta murrizketak egitera derrigortua izan daiteke. Kontua da, azken hilabeteetan, Elkargo Bakarraren aurka dauden hautetsiek eta enpresaburuek, beraien arreta fiskalitatean jarri dutela eta ez dutela inundik-inora nahi erakunde berriak bertako zergak igo ditzan. Presio hori politikoki kudeatzeko, lehen bi urteetan zergak dauden bezala mantendu ostean eta herritarrekiko pedagogia lan bat egin ondoren, pixkanaka igo ditzake.
Hirugarrenik, eremu ezberdinen ordezkaritza segurtatzearekin batera, kostalde nahiz barnekaldearen artean oreka bat aurkituz zein etengabe elikatuz, malgutasun eta eraginkortasun bat lortu beharko du. Izan ere, legeak Komunitate Kontseilu bat (zeinek orderkazi guztiak batzen dituen) eta Komite Exekutibo bat (Lehendakaria eta Bulegoa) aurreikusten baditu, bitarteko Batzorde Egonkor bat gehituko zaie. Horren bidez, malgutasun handiagoa lortu gura da, zaila baita hautetsi guztiak maiz batzea, denek hitza hartzea eta guztien artean adostasunak aurkitzea. Era berean, espero da, egitura horren bidez, Elkargo berriak erabakiak adosteko eta garaiz hartzeko ahaleman edukiko duela. Alderdi honek garrantzi berezia dauka, batetik, erakunde berriaren aurka dauden hautetsiek, aldi oro, gobernantzaren arazo-potentzialak azpimarratu dituztelako, eta, bestetik, herritarrek erakunde eraginkorrak itxaroten dituztelako. Zentzu horretan, Elkargo Bakarrak azkar erakutsi beharko du herritarrak arduratzen dituzten arloetan eragina edukitzeko ahalmena daukala eta balio-erantsi bat ekartzen duela. Hori egin ezean, herritarren etsipena eta hautetsien kritikak nagusituko dira.
Baina, horrez gain, Elkargo Bakarrak nortasun propio bat eta izaera politiko bat eskuratu beharko ditu, alderdi identitarioak landuz. Horretarako, ordezkaritza politikoarekin, kanpo-harremanekin (bereziki hego Euskal Herriko instituzioekin) eta hizkuntza politikarekin loturiko alderdiei arreta berezia eskaini beharko die. Euskal nortasuna, modu ireki bezain integratzailean, afirmatu beharko du, erakunde berriari nortasun propioa emanez, beti ere gainontzeko nortasunak baztertu gabe. Bidea estua da abertzaleen itxaropenak hasetu behar baitira abertzaleak ez direnak beldurtu gabe.