Departamentu hauteskundeetako berrikuntzak eta erronkak
Martxoaren 22 eta 29an Departamentu Hauteskundeak izango dira Frantzia osoan baita ipar Euskal Herrian ere. Hauteskunde horiek hainbat berrikuntza dauzketa izenarekin hasiz. Izan ere, ordurarte Kantonamentu Hauteskundeak zirenak Departamentu Hauteskundeak bilakatuko dira. Aldaketa ez da soilik semantikoa eskrutinio-moduaren eraldaketaren seinale baita.
Lehen aldiz, ia Frantzia osoan suertatuko dira, Pariseko hiria, Lyongo metropolia eta Guyana zein Martinikako lurraldeak izan ezik, azken bi hauek abenduan Lurralde Elkargorako hauteskundeetan bozkatuko baitute. Gogora dezagun, ordurarte, Kontseilu Orokorrak erdizka hiru urtero eraberritzen zirela, azkenak 2011ko martxoaren 20 eta 27an izan zirelarik.
Era berean, eskrutinio-modua aldatu da, hemendik aurrera hautagaitza bakoitza bikote batez osatua izan beharko baita, nahitanahiez paritarioa, alegia gizon eta emakume batez osatua. Bikote bat lehen itzulitik hautatua izan daiteke, beti ere bozken %50a lortu eta zerrendetan izena-eman dutenen laurdena gainditzen badu. Horrela ez bada, izena-eman dutenen %12,5a gainditu beharko du bigarren itzulian parte-hartu ahal izateko. Aldaketa hori egin zen emankumeen presentzia areagotzeko, kontuan izanik 2011n soilik %13,9koa zela.
Barrutien mailan ere aldaketak dira nagusi, bai kopuruari dagokinez bai tamainaren kasuan. Izan ere, Kontseilu Nagusiak 1789an osatutako kantonementua den batasun geografiko baten gainean oinarritzen dira. Horren ondorioz, beraien kopurua nahiko handia zen 4.649 baitzeuden. Luzaroan, gobernu ezberdinak ez dira berau ikutzen ausartu, nahiz eta biztanleriaren kopurua eta banaketa modu nabarmenean aldatu. Hori dela eta, barrutien kopurua erdira murriztu da, 2015ean 2.054 izanik, eta beraien mugak berriz marraztu dira ordezkatzen dituzten biztanle-kopuruen arteko ezberdintasuna ez dadin %20koa baino garaiagoa izan.
Eraldaketa horiek hainbat ondorio edukiko dituzte. Batetik, emankumeen ordezkaritza nabarmen igoko da erabateko genero-berdintasunetik hurbilduz. Bestetik, departamentu mailako klase politikoaren eraberritze bat fagoretuko du aurreko hausteskundeetan ardura instituzionalak zituzten asko ez baitira berriz aurkeztuko. Azkenik, Frantzia osoan suertatuko diren neurrian, Estatu-mailako kutsu bat edukiko dute bai hauteskunde kanpainan bai emaitzak irakurtzerako orduan.
Iritzi-sondeo guztien arabera, zentru-eskubiak 19 departamentu eskuratu ditzake eta eskuin-muturra 4 departamenturen jabe izan daiteke. Zentzu horretan, 2011n ezkerrak irabazi zituen 4 departamentuak galtzeaz gain, beste hainbat galduko lituzke. Ipar Euskal Herria batzen duen Pirineo-Atlantikoa horren adibide da. Izan ere, 2011n Kontseilu Orokorra eskuratu ostean Georges Labazée-ren lehendakaritzapean, ezkerrak berriz ere departamentu hori galdetzeko arrisku handiak ditu. Zentzu horretan, Forces 64 etiketapean aurkeztu ziren zentristek zeresan handia edukiko dute, jakinik 2011n 52 eserlekutatik 17 eskuratu zituztela.
Abertzaleei dagokionez, erronka ez da soilik Alain Iriart-en eserlekua mantentzea baita berri bat lortzea ere, baizik eta bozka kopurua handitzea alternatiba sendo bezain sinesgarria lez agertzeko. Azken Udal Hauteskundeetan eskuratutako bozka kopurua mantendu ala handituko balute, abertzaleek mezu argia elaraziko liekete bai gainontzeko alderdiei, eta batik bat bi alderdi nagusiei, bai frantses Estatuari, ipar Euskal Herriko instituzionalizazioaren inguruko eztabaida puri-purian baitago.