ALDERDI POPULARRA NORAEZEAN
2018ko ekainaren 1ean, Pedro Sanchez-ek aurkeztutako zentsura mozioa aurrera atera zenetik eta, horren ondorioz, Mariano Rajoy-k gidatzen zuen gobernua bertan behera geratu zenetik, Alderdi Popularra noraezean dabil. Ez du ez posizionamendu politiko argirik ez diskurtso finkorik proposatzen, testuinguruen, indar-harremanen eta hauteskundeen emaitzen arabera jarrera bat ala bestea mantenduz.
Izan ere, zentsura mozioaren galeraren ostean, Alderdi Popularrak primarioak antolatu zituen 2018ko uztailean. Pablo Casado Soraya Sáenz de Santamariari gailendu zitzaion bozen %57arekin. Kanpainan zehar, garaileak posizionamendu gogor bat mantendu zuen José María Aznar-en tesiekin bat eginez, Alderdi Popularra eskuinera norabidetuz eta eskuinen arteko aliantza bilatuz. Baliogarria izan bazitzaion primarioak irabazteko, bertan batik bat militante sutsuenek parte hartzen baitzuten, arazoa bilakatu zen alderdi horren espazio politikoa mugatzen zuelako.
Casado-ren asmoa zen Alderdi Popularra eskuinen erdian kokatzea aliantzak ahalbidetze aldera. Maila batean, estrategia horrek funtzionatu zuen, 2019ko lehen hauteskunde autonomikoetan, Alderdi Popularrak eta Ciudadanos-ek gobernuak osatu baitzituzten Madril, Andaluzia eta Murtzia bezalako Erkidegoetan eta Madril gisako Udaletan, beti ere Vox-en kanpoko babesarekin.
Kontua da, estrategia horrek Alderdi Popularraren espazio politikoa mugatzen zuela zeren, alde batetik, zentro-eskuineko hautesleriaren zati bat Ciudadanos-era zioan liberalismo ekonomiko eta europar eraikuntzaren aldekoak zirelako, eta, beste aldetik, eskuin-muturreko hautesleria, Vox-era zioan, nazionalista espainiar amorratuak eta kontserbadoreak baitziren. Horren ondorioz, Alderdi Popularrak lortu zituen bere emaitzarik kaskarrenak 2019ko apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, 66 eserleku besterik ez zituelako eskuratu.
Egoera horren aurrean eta Autonomi Erkidegoetako baroi batzuen presiopean, Alfonso Alonso eta Alberto Nuñez Feijóo barne, Pablo Casado-k bere diskurtsoa zerbait leundu zuen. Horri esker, 2019ko azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan, Alderdi Popularrak zerbait gora egin zuen, 89 eserleku lortu baitzituen. 2011ko 186 diputatuetatik urruti, baina 2019ko lehen hauteskunde orokorretan baino hobeto, bai eserlekuetan bai bozetan.
Bazirudielarik Alderdi Popularrak zentro-eskuinerako bidea hartuko zuela, Casado-k berriz ere bere diskurtsoa erradikalizatu zuen baita izendapen adierazgarriak egin ere: Cayetana Álvarez de Toledo Alderdi Popularreko bozeramaile izendatu zuen Diputatuen Kongresuan eta Carlos Iturgaitz Alderdi Popularra eta Ciudadanos koalizioko hautagaia lehenetsi zuen lehendakari izateko.
Era berean, Alderdi Popularrak oposizio sistematikoa egin zion Sanchez-en gobernuari, kritika zorrotzak plazaratuz eta estatu akordioak alboratuz. Horren ondorioz, espainiar estatuko bi alderdi nagusiak ez dira adostasun batera iritsi, besteak beste, Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala ala Herriaren Defendatzailea eraberritzeko.
Estrategia horrek ez dio etekin handirik eman hainbat Erkidegotan, Alderdi Popularra-Ciudadanos koalizioak 6 eserleku besterik ez baititu lortu Euskal Autonomi Erkidegoan, 60.650 bozka bereganatuz, 2001ean lortutako 19 eserleku eta 326.933 bozetatik oso urrun. Alderdi hori marjinala bilakatzeko bidean dago Euskadin eta antzeko egoeran dago Katalunian. Aldiz, askoz emaitza hobeak lortu ditu Galizian non Nuñez Feijóo-k moderazioaren, zentralitatean eta profil propioaren apustua egin duen.
Azkenik, Vox-ek Pedro Sanchez-en aurkako zentsura mozioa aurkeztu duenean, 52 eserleku izateak hori baimentzen baitio beste alderdi baten babesa eduki behar izan gabe, Alderdi Popularrari kostatu zaio bere posizioa finkatzen. Ezezkoaren alde egiten bazuen, bere hautesleriaren zati erradikalena galtzeko arriskua zeukan eskuin-muturraren mesederako, eta, aldiz, abstentzioaren apustua egin ezkero, zentro-eskuineko hautesleria beldurtzeko kinka larrian zegoen. Azkenean, zalantzak uxatuz, Casado-k ezezkoaren aukera hobetsi du Vox-en aurkako diskurtso gogor bat eginez eta eskuin-muturrarekin distantziak markatuz.
Baina, diskurtso hori egin eta egun gutxira, Alderdi Popularrak azpimarratu du, Sanchez-en aurkako zentsura mozioaren kontra bozkatu izanak ez duela Ciudadanos eta Vox-ekin dituen akordioak hunkitzen eta, horren ondorioz, ez daukala bere aliantza sistema aldatzeko asmorik, ez epe motzean behintzat.
Jarrera horrek, zalantza handiak sortu ditu bai hauteslerian bai gainontzeko alderdien artean, ez batzuek ez besteek ez baitakite ea Alderdi Popularraren estrategia aldaketa sakon baten atarian gauden ala ondoriorik gabeko ariketa diskurtsibo soil baten aitzinean.
Edozein kasutan, argi dagoena da, Alderdi Popularrak Vox-en ideiak bereganatuko dituen bitartean eta zentro-eskuina, eskuina eta eskuin-muturraren arteko aliantzak hobetsiko dituen bitartean, ez duela bere eremu politikoa hedatuko zentralitatea berreskuratze aldera eta Vox hauspotuko duela.
2020ko urriaren 29an, BERRIA egunkarian argitaratutako artikulua.