PENTSIO-SISTEMA IPAR EUSKAL HERRIAN: EZAUGARRIAK ETA ERRONKAK

PENTSIO-SISTEMA IPAR EUSKAL HERRIAN: EZAUGARRIAK ETA ERRONKAK

Frantses estatuak pentsio-sistemaren erreforma berri bat iragarri duen une honetan, komenigarria da aztertzea zein diren Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen pentsio-sistemaren ezaugarriak eta zein erronkari aurre egin behar dien epe motz zein luzeetan, kontuan izanda, biztanleria zahartzeaz gain, lan-merkatua prekarizatzen ari dela eta ibilbide profesionalak ez direla iraganean bezain iraunkor bezain linealak. Komenigarria da gogoratzea Hexagonoko pentsio-sistema 1945ean sortzen dela Gizarte Segurantzarekin batera, adostasun politiko, sindikal eta sozial testuinguru batean. Funtsean, sistema kontributiboa da, esan nahi baita langile bakoitzak bere lan-ibilbidean zehar ordaindutako kotizazio sozialen araberakoa dela, eta bi printzipioren gainean oinarrituta dago, alegia, belaunaldien arteko elkartasuna eta lanbideen artekoa. Hori dela eta, erregimen orokorraren alboan, erregimen bereziak daude, 42 guztira. Horrekin batera, pentsio-sistemak hiru osagai ditu: oinarrizko pentsioa, pentsio osagarria eta pentsio gehigarria, jakinda, lehen biak derrigorrezkoak diren bitartean, hirugarrena hautazkoa dela. Eta, pentsio-sistema eragile sozialek kudeatzen dute, nahiz eta, 1996ko legeaz geroztik, frantses legebiltzarrak bere zeresana daukan Gizarte Segurantzaren finantziazioan. Era berean, pentsioa eskuratzeko adin legala 62 urtekoa bada eta 43 urtez kotizatu behar bada pentsio osoa eskuratzeko, urte nahikoz kotizatu ez duten pertsonek 67 urte itxaron behar dituzte pentsio osoa kobratzeko. Funtsean, pentsioen kalkulua hiru faktoreren arabera egiten da, hau da, dagokion pentsio-kutxa, kotizazio iraupena eta ibilbide profesionalean zehar jasotako soldata. Halaber, oinarrizko pentsioak soldata medioaren %50a osatzen du, azken 25 urteak kontuan hartuz, eta sektore pribatuan lan egiten duten langileek Agirc-Arcco izena daukan pentsio osagarriaren kutxan kotizatzen dute. Eta, pentsio gehigarria kapitalizazioaren bidez osatzen da, nahiz eta, guztira, ez duen %5a gainditzen. Azkenik, kotizazio-tasa %6,90 + %0,40koa da langileentzat eta %8,55 + %1,90ekoa enplegatzaileentzat.  Baina, egoera horretara iristeko, hainbat erreforma burutu behar izan dira 1970. hamarkadaz geroztik, eraldaketa sozioekonomiko eta demografikoak argudio gisa erabiliz. Horrela,  1971ko abenduaren 31ko legeak suposatzen du pentsioa osoa eskuratzeko 37,5 urtez kotizatu behar dela. 1982ko legeak pentsioaren adin legala 60 urtera jaisten badu ere, 1993ko uztailaren 22ko legeak erregimen orokorreko baldintzak gogortzen ditu pentsio osoa kobratzeko kotizatu beharreko urte kopurua 40ra pasaz eta pentsioa kalkulatzeko 25 urte hoberenetara igaroz. Halaber, 2003ko abuztuaren 21eko legeak pentsio-sistema eraldatzen du, pentsioa osoa eskuratzeko kotizatu beharreko urte kopurua 42ra igaroz. Eta, 2012ko ekainaren 6ko dekretuak, 60 urtetan erretiratzeko aukera eskaintzen badie goiz lanean hasi direnenei, 2014ko urtarrilaren 20ko erreformak, pentsio osoa eskuratzeko kotizatu beharreko urte kopurua 43 urtera igotzen du. Horrekin batera, lanbide batzuen gogortasuna kontuan hartzeko asmoz, 10 irizpide finkatzen ditu, baldintza horietan lan egiten duten langileei, gehienik, bi urte lehenago jubilatzeko aukera eskainiz. Beraz, salbuespenak izan badira ere, orokorki, erreforma horiek bi norabide hartu dituzte: baldintzak gogortzea eta elkartasun mekanismoak sortzea, batik bat ibilbide profesional luzea eta lan nekezak dauzkatenentzako. Era berean, komeni da gogoratzea, 2019an proposatu zen pentsio-sistemaren erreformak eraldaketa sakona proposatzen zuela. Izan ere, puntuzko pentsio sistema unibertsala sortu nahi...

Read More