MACRONEN ERREFORMA INSTITUZIONALA

Posted by on July 24, 2017 in Berria, Blog | 0 comments

MACRONEN ERREFORMA INSTITUZIONALA

Hauteskunde presidentzialak irabazi ostean eta, bere alderdiak, hauteskunde legegileetan gehiengo osoa lortu ondoren, Emmanuel Macronek instituzioen erreforma sakon bat iragarri du Versallesen batutako Kongresuaren aurrean. Ustelkeri kasuek sortutako atsekabearen eta abstentzio garaiak eragindako kezkaren aurrean, Frantziako lehendakari berriak ekimen esanguratsuak hartu ditu herritarren eta beraien ordezkari politikoen artean hurbiltasun handiagoa eta, batik bat, konfiantza sendoagoa birsortzeko. Horretarako, bi bide hobetsi ditu: sinplifikazioa eta eraginkortasuna. Legebiltzarkideen eta senatarien aurrean egindako diskurtso bihozberan, hainbat neurri iragarri ditu, nahiz eta beraien zehaztapen maila ezberdina izan. Neurri horien artean honakoak aipatu genitzake.

Lehenik eta behin, legebiltzarkideen kopurua eren batez murriztu nahi du, 577tik 348ra igaroz. Une berean, diputatu bakoitzak edukiko dituen giza zein ekonomia baliabideak sendotuko lituzke, beraien lana bandintza hobeagotan egin dezaten eta Legebiltzarrak dagokion lana (legeen osaketa eta bozka, gobernuaren kontrola eta politika publikoen ebaluaketa) baldintza egokietan burutu dezan. Kanpainan zehar egindako promesa horrek, kutsu populista edukitzeaz gain, barrutien kopurua gutxitu eta beraien tamaina handituko lituzke, eta hautetsiak beraien administrariengandik urrunduko lituzke. Baina, batez ere, ez luke, berez, Legebiltzarraren boterea handituko ez bailizkioke eskumen gehiago emango eta ez bailituzke presidentearen eta gobernuaren botereak mugatuko. Zeren, nahiz eta sistema frantsesa mistoa izan, alegia presidentziala eta parlamentarioa, exekutiboak dauka botererik handiena eta kontra-boterean indarra mugatua da.

Bigarrenik, proportzionaltasun apur bat sartu nahi du bozka moduan. Aspaldidanik, alderdi txikiek, hau da bi gobernu-alderdi nagusiak ez diren gainontzeko guztiek, erabateko sistema proportzionala ala, gutxienez, proportzionaltasun maila bat sartzea eskatu dute Legebiltzarra ordezkagarriagoa izan dadin. En Marche eta Modem alderdiek hauteskunde kanpainan hitzartutako akordioak barnebildutako neurria zen, François Bayrou horren babesle amorratua baitzen. Arazoa da, Macronek ez duela proportzionaltasun dosi hori zehaztu, ez baita gauza bera %10ekoa ala %50ekoa izatea. Orain arte, alderdi nagusiek uko egin diote neurri hori hartzeari argudiatuz, batetik, gehiengo argiak eta, beraz, gobernagarritasuna zailduko lituzkeela, eta, bestetik, Frente Nazionalari ordezkaritza handiagoa emango liokeela. Litekeena da proportzionaltasun hori mugatua izatea oreka politikoak eta eraldatzeko.

Hirugarrenik, lan parlamentarioa aldatu nahi du, “inflazio legegilea” saihesteko asmoz. Izan ere, hainbat juristek dioten bezala, arau gehiegi daude, legeak ez dira nahiko landuak eta, behin bozkatuta, ez da jarraipen egokirik egiten ikusteko ea modu egokian gauzatzen diren eta ea eraginkorrak diren ala ez. Preseski, Macronek garrantzi berezia ematen dio legeen ebaluaketari eta bere asmoa da, bi urteren buruan, lege nagusi guztiak ebaluatuak izan daitezen berain egokitasuna neurtzeko. Zentzu horren, herri anglosaxoietatik datorren ohitura hori sendotu nahi du. Halaber, tramite parlamentarioak arindu gura ditu, besteak beste, Legebiltzarra eta Senatuaren arteko joan-etorriak azkartuz eta, bide batez, parlamentuaren eta gizartearen arteko erritmo ezberdintasunak mirriztuz.

Laugarrenik eta azkenik, Errepublikako Justizia Gortea desagertarazi gura du ministroak auzitegi arruntek epaitu ditzaten. Hain zuzen ere, sei diputatuz, sei senatariz eta kasazio gorteko hiru magistratuz osatutako jurisdikzio berezi hori, behin eta berriro kritikatua izan da auzipetutako ministroekin induljenteegia izateagatik. Horrekin batera, Magistratutaren goi kontseiluaren papera indartu gura du botere exekutiboaren esku-hartzea mugatuz, batez ere magistratuen izendapenean.

Neurri horiek lehen bai lehen onartarazi nahi ditu. Horretarako, urte bateko epea eman die legebiltzarkideei beharrezkoak diren legeak onartu ditzaten eta Konstituzioaren moldaketa baimendu dezaten. Egin ezean, kontuan izanik gehiengo kalifikatua behar dela, bai Asanblada nazionalean bai Senatuan, iragarri du erreferendum bidez onartaraziko zituela, frantses konstituzioaren 89. artikuluak aukera hori aurreikusten baitu. Jarduteko modu horrek erakusten du Macronek azkar joan nahi duela, boterean ikuspegi bertikala daukala eta legebiltzarra bozka ganbara soil bat bezala ikusten duela. Hain justu, instituzioen eta, batez ere, boterearen jardutearen ikuspegi presidentzialista dauka. Horren adibide hoberena da iragarri duela, urtean behin, Kongresuaren aurrean diskurtso bat egingo duela iragan den urtean egindakoaren berri emateko, Estatu Batuetan egiten den bezala. Alde nagusia da Estatu Batuetako sistema presidentzialista dela eta kontra-botere sendoak daudela.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *