HAUTESKUNDEEN EMAITZAK ETA ITUN AUKERAK
EAEko hauteskunde autonomikoetako parte hartzearen beherakada nabarmena daturik esanguratsuenetarikoa da zalantzarik gabe, are gehiego jakitean 2016ko mobilizazioa demokrazia garaiko hirugarren apalena izan zela %60,02rekin, hau da, 1994ko datu baxuenetik oso gertu. 2020ean, soilik bozkatzera deituta zeuden herritarren %52,86ak bere boza eman du, lurralde historikoen artean ezberdintasunak izan direla kontuan izanik. Hain zuzen ere, parte hartzerik garaiena Gipuzkoan suertatu bada (%54,57), apalena Araban gertatu da (%50,31), Bizkaia bien artean kokatu denean (%52,52). Hori pasa da nahiz eta posta bidezko bozka %140 hazi den duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hauteslegoaren %7 osatuz. Parte hartzearen beherakada historiko horren atzean, izurriteak sortutako osasun egoera eta gaitxotzeko arrangura daude. Izan ere, koronabirusaren pandemiak bereziki kolpatu du EAE, kutsatu, heriotz eta ospitalizazio kopuruari erreparatu ezkero, eta azken egunetan berragertu diren klusterrak kontuan izanik. Biztanleri osoan alarma soziala berpizteaz gain, zaurigarrienak diren kolektiboak kezkatu ditu, horietariko batzuk etxean geratzera bultzatuz.
Testuinguru horretan, irabazle nagusiak alderdi abertzaleak izan dira, EAJ eta EH Bilduk 53 eserleku eta 598.117 boz eskuratu dituztelako, hots, bozkatzaileen %66.96. Bestela esanda, hiru bozkatzaileetatik bik alderdi horien aldeko apostua egin dute. Baina, abertzaleen artean, koalizio independentista atera da indartuena, 4 eserleku gehiego bereganatzeaz gain (1 Gipuzkoan, 2 Bizkaian eta 1 Araban), 23.516 boz gehiago eskuratu baititu parte hartzea oso apala izan den arren. Hautagaitza bakarra izan da kasu horretan. Horrekin batera, EAJrekin zuen aldea dezente gutxitu da lau urtean 172.996 bozetik 100.741era apalduz, abertzaletasunaren baitan dagoen lidertzaren inguruko eztabaida berpiztuz. Alderdi Jeltzalea, preseski, alderdirik bozkatuena izan bada berriz ere eta 3 eserleku irabazi baditu, soilik %1,52 hazi da. Aitzitik, 48.739 boz galdu ditu, galera handiena Bizkaian izan duelarik, 38.532 bozen beherakadarekin. Hala ere, Alderdi Sozialistarekin batera, erraz gainditzen du gehiengo osoaren langa, gobernu egonkor bat osatzeko aukera eskainiz.
Aldiz, alderdi konstituzionalistak kaltetuak atera dira hauteskunde hauetatik. Izan ere, Alderdi Sozialistak eserleku bat irabazi badu parte hartze apalari esker, 9tik 10era igoz, 4.551 boz galdu ditu. Hori dela eta, 2009az geroztik, non 318.112 boz jaso zituen, odolustea etengabea izan da. Zentzu horretan, ez da “Sanchez eraginik” izan ezta ere kudeaketaren saririk. Zundaketek iragartzen zioten gorakada, 13 eserleku lortzeraino, ez da eman. Emaitzak are eta kaskarragoak izan dira Elkarrekin-Podemosentzat zeinek 5 eserleku eta 85.575 boz gutxiago lortu dituen. Hondamendia are eta nabarmenagoa da 2016ko hauteskunde orokorretako datuei erreparatu ezkero. Alderdi horren tokiko inplantazio eskasak, barne zatiketek eta lidertza aldaketa etengabeek zerikusi handia daukate gainbehera horretan. Alderdi Popularra eta Ciudadanosi antzekoa gertatu zaie, 5 eserleku eta 60.299 bozekin konformatu behar baitute, hau da, duela lau urte baino 4 gutxiago bozen erdia baino gehiago galdu ostean. Historian zehar, Ciudadanosek ez badu inoiz lortu EAEn emaitza esanguratsurik, ez da PPren kasua, 2001ean, 326.993 boz bereganatu baitzituen Mayor Orejaren eskutik. Bere bozkatzaile batzuk Voxera joan dira, eskuin-muturreko alderdiari eserleku bat lortzeko aukera emanez.
Emaitza horiek haintzat hartuta, gobernu berria osatzeko hiru aukera leudeke gehiengo osoa 38 eserlekutan dagoela kontuan izanik: alderdi abertzaleek osatutakoa (53 eserleku); EAJ eta Alderdi Sozialistak formatutako (41 eserleku); eta ezkerreko hiru alderdiena (38 eserleku). EAJ eta PSEren arteko koalizioak egingarriena dirudi, aintzat hartuta, batetik, elkarrekin gobernatzen dutela Eusko Jaurlaritzan, Foru Aldundietan eta Udal askotan; bestetik, bata zein bestea eroso sentitzen direla koalizio horietan; era berean, emaitza elektoral nahiko onak eman dizkietela eserlekuei erreparatu ezkero; eta, azkenik, aliatuak direla Madrilgo Kongresuan. Hauteskunde kanpainan zehar, biek hala biek argiki adierazi dute hori litzalekeela beren lehendabiziko aukera.
Alderdi horien arteko balizko negoziaketa batean, jakinik biek presa daukatela lehen bai lehen gobernu indartsu bat osatzeko, Alderdi Jeltzalea, bere nagusitasuna (alderdi bozkatuena gisa) eta hazkundea (eserleku mailan) probesten saiatuko da. Alderdi Sozialistak, bere aldetik, eserleku bat irabazi izana azpimarratzeaz aparte, bere kokapen estrategikoa hobetsiko du bere babesa ezinbestekoa baita gehiengo lortzeko, Madrileko gobernua PSOE eta Podemosen esku baitago eta, EAEn, ezkerreko koalizio-gobernu bat osatzeko aukera matematikoa baitago, nahiz eta, behin eta berriz adierazi duen, baldintza politikoak ez direla oraindik ematen horrelako gobernu bat aurrera atera dadin. Edozein kasutan, osatuko den Eusko Jaurlaritza berriak, pandemiaren ondorio sozioekonomiko latzei aurre egin beharko die, jakinik aurreikuspenak ez direla batere baikorrak.
2020ko uztailaren 14an, BERRIA egunkarian argitaratutako artikulua.