HAUTESKUNDE PRESIDENTZIALEN ATARIAN

Posted by on March 15, 2017 in Audiovisual, Berria | 0 comments

HAUTESKUNDE PRESIDENTZIALEN ATARIAN

Frantziako V. Errepublika sortu denetik (1958) eta lehendakaria sufragio unibertsalean hautatzen denetik (1965), lehen aldia da hauteskunde presidentzialek hainbeste gorabehera ezagutu dituztela. Sondeoen arabera, eskubiaren eta ezkerraren hautagaiak bigarren itzulitik kanpo geratuko lirateke. Izan ere, eskubiaren eta zentruaren primarioen ostean, emaitzak argiak izango zirela bazirudien, François Fillon-en inguruko eskandaluak bere hautagaitza ahuldu eta zalantzan jarri du. Are gehiago, fillongate-k eztanda egin zuenetik, ezbataida politiko osoa afera horren inguruan antolatu da, Fillon-ek denbora osoa bere burua justifikatzen igaro baitu eta gainontzeko hautagaiek eskubiko buruaren egoerari buruz posizionatu behar izan baitute. Horrek, kanpaina bera parentesi artean ezarri du, egitasmo politikoen inguruko zatabaida zapuztuz. Ikusi dezagun hautagai nagusien egoera banan-banan.

François Fillon-en kanpaina amets gaizto bat bilakatu da, ezin hobetu hasi ostean. Izan ere, Juppé zein Sarkozy zentru eta eskubiko primerioen faboritu nagusiak zirelarik, Fillon-ek ustekabea eman zuen %44a lortuz lehen itzulian eta %65a bigarrenean. Gehitzen badiogu, eztabaida kalitatezkoa izan zela eta, batez ere, parte-hartzea oso handia izan zela, 4,7 milloi pertsonek bozkatu baitzuten, Fillon oso indartua atera zen primarioetatik. Sondeok indar hori agerian uzten zuen, hauteskunde presidentzialerako lehen itzulian %28 eta %30a bitartean ematen baitzioten. Kontua da, Le Canard Enchainé astekariak informazio bat plazaratu zuela agerian utziz Fillon-ek bere emazte eta seme-alabak kontratatu zituela laguntzaile parlamentario bezala eta benetan lan hori egin ote zutenaren inguruan zalantzak daudela. Argitalpen horrek, ondorio politiko eta judizial itzelak eduki ditu, batetik, martxoaren 15an inputatua izateko arriskua baitu, eta, bestetik, bere kapital politikoaren zati handi bat galdu duelako, nahiz eta oinarri elektoral sendo bat mantendu.

Marine Le Pen, bere aldetik, nahiz eta enplegu-fiktizioak erabiltzearen susmopean egon, ez dirudi higadura politiko handirik jasaten ari denik. Hain zuzen ere, sondeo guztiek %25 eta %26a bitartean ematen diote lehen itzulirako eta bigarren itzulian presente izango dela iragartzen dute. Eta kasu honetan, edozein izanda bere aurkaria, %40a lortuko luke, alegia, eskuin muturrak bere historian zehar lortu duen emaitzarik gorena. Berak dauka hauteslegorik egonkorrena eta konbentzituena. Marine Le Pen-ek Frente Nazionalaren buruzagitza hartu zuenetik, eraldaketa estrategiko, organiko eta diskurtsibo bat aurrera eraman du. Bere itxura normaltzeari begira, adierazpen polemikoak alde batera uzteaz gain eta balore errepublikarrak bereganatzeaz aparte (modu interesatuan birformulatuz), bere programa sozioekonomikoa sendotu du, klase popularrak erakartzeko eta klase ertainak ez gehiegi beldurtzeko. Era berean, alderdiko kuadroak formatzearekin batera, independienteak fitxatzen ahalegindu da.

Emmanuel Macron da, zalantzarik gabe, kanpaina honetako ustekaberik handiena. Administrazioko Eskola Nazionaletik pasa ostean eta Rothschild Bankuan aberastu ondoren, bilakaera politiko meteorikoa ezagutu du, lehenik Eliseoko Idazkari Nagusi orde gisa eta ondoren Manuel Valls-en Ekonomia ministro bezala. Nahikoa ez eta 39 urteko arduradun politikoak, ordurarte inoiz hauteskunde batera aurkeztu gabe, “En Marche” alderdi politikoa sortu eta hauteskunde presidentzialetara aurkeztea erabaki du. Hasera batera, hautetsi gutxiren babesa eduki arren, kanpainan buru-belarri murgildu da, karisma zein erretorikarako gaitasuna erakutsiz. Era berean, bere hautagaitzari sinesgarritasuna eman nahiz, egitarau ekonomiko sendo bat eta programa artikulatu bat eskaini ditu, liberalismo sozialaren esparruan kokatuz. Argi dago, fillongate-k, François Bayrou-ren babesak eta Valls-en jarrera ambiguoak auspo nabarmena eman diotela bere hautagaitzari. Gaur egun, sondeoek %25a inguru ematen diote, bigarren itzulirako txartela lortuz.

Benoît Hamon-en egoera konplexuagoa da. Izan ere, ezkerreko primarioetan, ustekabean Manuel Valls eta Arnaud Montebourg-i gailenduz, programa eraberritu bat eskainiz eta justizia soziala zein ingurugiroaren babesa hobetsiz, dinamika politiko eta elektoral bat sortzea lortu du. Bereziki hirietako ikasketadun gazteen interesa eta babesa lortu ditu. Primarioen amaieran, sondeoek %17 eta %19a aitortzen zioten, Fillon-engandik hurbilduz eta ezkerreko bozkatzaileen baitan itxaropen izpi bat sortuz. Kontua da, sozialisten hautagai bezala aukeratua izan osteko hilabetea hautagai ekologista den Yannick Jadot-ekin negoziatzen aritu dela azken honek bere hautagaitza bertan behera utzi zezan eta bat egin zezan Hamon-ekin. Epe horretan, ez du kanpainarik egin eta sortutako dinamika zerbait moteldu da. Gaur egun, sondeoek %15a ematen diote, bigarren posiziotik 10 puntura.

Espero dezagun, urrengo egun eta asteetan, fillongate alde batera utzi, eta, primarioetan ezagutu genuen bezala, eztabaida politikoa nagusituko dela, Frantziak erronka nagusiei aurre egin beharko baitie urrengo bost urteetan.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *