EUSKAL ALDERDIAK HAUTESKUNDE AUTONOMIKOEN ATARIAN

Posted by on August 22, 2016 in Berria, Blog | 0 comments

EUSKAL ALDERDIAK HAUTESKUNDE AUTONOMIKOEN ATARIAN

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoak baldintza berezietan suertatuko dira. Izan ere, hauteskunde orokorrak berrikitan errepikatzeaz gain, aurre-kanpaina, kanpaina eta negoziaketa prozesuak luzeak bezain neketsuak izan dira, bai alderdientzat bai hautesleentzat. Horren ondorioz, agenda espainiarra nagusitu da eta, une honetan bertan, ez dago ez inbestidura saiorik ez gobernu osaturik. Horri gehitzen badiogu hauteskunde autonomikoen eguna zerbait aurreratua izan dela eta, uda erdian egonik, kanpaina oso laburra izango dela, interesgarria da ikustea zein den euskal alderdien egoera hauteskunde horien atarian.
Eusko Alderdi Jeltzaleak aukera handiak dauzka 2012an eskuratutako garaipena errepikatzeko bai eserlekuetan bai bozka kopuruetan. Lehendakarigaia eta hautagai gehienak errepikatuko ditu, jarraikortasun irudia isladatu nahiz. Urkulluren gobernuaren balantzea galdezkagarria izan arren, bereziki estatus berriari, gatazken ondorioei eta ekoizpen legegileari dagokienez, egonkortasuna lortu du PSE alderdiarekin aurrekontuak eta zenbait lege adostu ondoren. Legealdi osoan, zentraltasun politikoa berreskuratu nahi izan du, PSE zein EH Bildurekin legeak adosteko gaitasuna erakutsiz. Moderaziorako eta adostasunerako deiek aukera eman diote lasaitasuna zein normaltasuna irrikatzen zuten herritar ugari asebetetzeko. Horri esker, inoiz lortu duen botere instituzionalik handiena eskuratu du eta berau mantentzea da bere helbururik nagusiena, nahiz eta horrek immobilismora eraman dezakeen.
EH Bilduren egoera bestelakoa da, europar hauteskundeetan hasi zen gain-behera elektoralak ez baitauka geldi-unerik. Udal eta foru hauteskundeek eta, bereziki, azken bi hauteskunde orokorrek, bozka eta botere instituzionalen galera nabarmena agerian utzi dituzte, 2011 eta 2012an eskuratutako bozka gehigarriak galduz. Arnaldo Otegiren utzilerak, ezker abertzaleak zeuzkan lidertza arazoak konpondu baditu; zerrenden eraberritzeak, batik bat independienteak eta komunikazio munduari lotuak, bere oinarri elektorala zabal badezake; eta Abian barne-hausnarketa prozesuak dinamika berri bat sortzea ahalbidetu badezake, ez dira nahikoak izango galdutako 100.000 bozkak berreskuratzeko. Horretarako, sakoneko lan bat gin beharko du bere egistamoa zehazteko, estrategia finkatzeko eta alianza-sistema egonkortzeko. Behin lan hori eginda, denbora bat premiazkoa izango zaio guztia plazaratzeko eta, batez ere, euskal gizarteak barnera dezan. Bide horretan, Otegiren inguruan sortu den lan-taldea eta EAJrekin mantendutako isileko bilkura lehen urratsak izan daitezke.
Podemos-Ahal Dugu, alderdi berria izango da euskal legebiltzarrean. Azken hauteskunde orokorretan lehen alderdia bilakatu zen bai eserlekuetan bai bozketan Euskal Autonomi Erkidegoan, EAJri gaina hartuz. Hala ere, hauteskunde autonomikoak gako ezberdinetan planteatzen dira eta herritarrak haukeskunde bakoitzean jokoan dagoena ondo bereizteko gai dira. Zalantzarik gabe, Podemos-Ahal Dugu nabarmen sartuko bada, bigarren ala hirugarren alderdia bilakatuz, ez dauka egitasmo bereizgarririk EAErentzako eta anbiguotasunean zein indefinizioan murgilduta dago. Era berean, Pili Zabala hautagai izendatu izanak (jakinik emakumea, euskalduna eta Estatu terrorismoaren biktima baten senidea dela), argi eta garbi erakusten du, alderdi horren helburua, azken hauteskunde orokorretan ezker abertzaletik jasotako hautesle ahalik eta gehien gordetzea dela. Aitzitik, gizarte zibiletik datorren Pili Zabala giza eskubideen babesari lotua badago, bere esperientzia politiko-eza arazo bat bilakatu daiteke legealdian zehar.
Euskadiko Alderdi Sozialista egoera larriagoan dago zeren, sondeo guztiek iragartzen dute, eserleku eta bozka galera nabarmena ezagutuko dituela, batez ere Podemos-Ahal Duguren mesedetarako, gazteen babesa galdu baitu. Idoia Mendiak lortu badu, maila batean behintzat, odol-galtzea gelditzea ala, gutxienez, galera murriztea, estatu sozial-demokrazia bat ordezkatuz, ez da gai izan profil propio bat edukiko lukeen euskal sozialismo bat eraikitzeko. Eguigurenek ordezkatzen zuen baskismoari bizkarra emanez, PSOEren diskurtso ber-bera dauka, behin eta berriro gizarte politiken eta federalismoaren defentsa eginez, inoiz zehaztu gabe zertan datzaten.
Azkenik, Alderdi Popularrak bere emaitzak hobetu baditu azken hauteskunde orokorretan, gobernagarritasun-eza probestuz eta bozka baliagarria bereganatuz, kokapen arazo bat dauka EAEn. Izan ere, ETAk jarduera armatuari amaiera ematea erabaki zuenetik, Euskadiko PP diskurtsorik gabe gelditu da, bere estrategia guztia ETAren aurkako borrokaren inguruan antolatu baitzuen. Horri gehitzen badiogu, azken lau urteetan, bere gehiengo absolutuari esker, austeritate eta berzentralizazio politikak gauzatu dituela eta ustelkeri kasuak ugaritu zaizkiola, ez dago unerik hoberenean. Bestalde, hilabeteak itxaron behar izan ditu hautagai bat izendatzeko, Alfonso Alonsok azken uneraino espero baitzuen Rajoyk inbestitura lortuko zuela eta bere gobernuko kide berriz ere izango zela. Zentzu horretan, ez du griña eta interes handirik erakutsi EAErekiko eta bere lehentasuna Madrilen dagoela argi geratu da.
Edozein kasutan, ikusi beharko da ea kanpaina labur bezain trinko honetan, euskal alderdiek hautesleen arreta eta atxikimendua eskuratzeko ahalmena erakutsiko duten. Zentzu horretan, bi osagai erabakiorrak izan daitezke: batetik, ea Arnaldo Otegik aurkezteko aukera edukiko duen, nahiz eta legediak eta jurisprudentziak hori bermatu; eta, bestetik, ea alderdi abertzaleak euskal agenda nagusiarazteko ahalmena izango duten, Madrilgo zurrunbilotik ateraz.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *