EMOZIOEN ETA SENTIPENEN INDARRA
Kataluniako prozesu soberanistaren jatorria eta bilakaera aztertzerakoan, joera dago erabaki instituzionalei, ideologia politikoei ala alderdi estrategiei erreparatzeko. Kasu guztietan, arrazionaltasunari lehentasuna ematen zaio, emozioetan eta sentipenetan gehiegi arreta jarri gabe. Kontua da, emozioek ala pasioek geroz eta garrantzi handiagoa dutela politikan eta geopolitikan. Hori bera erakutsi du Dominique Moïsi-k La géopolitique de l’émotion liburuan. Bertan frogatzen du nola ezin litekeen gaur egungo mundua ulertu berau zeharkatzen eta gidatzen duten emozioak kontuan hartu gabe. Horrela, agerian uzten du nola Europa eta Ameriketako Estatu Batuak nortasun-krisi batean murgilduak dauden, beldurraren kultura bat elikatuz. Beldur hori ezberdina denak sortzen du, aurkari ala mehatxu bat bezala agertuz. Mundu arabiar-musulmanean, ordea, umiliazioaren kultura da nagusi, batik bat gain-behera historikoak eta frustrazio politiko, sozial eta erlijiosoek eraginda. Asian, berriz, hazkunde ekonomikoak elikatutako itxaropenaren eta norberarenganako konfiantzaren kultura bat hedatu da. Kataluniara etorriz, azken zazpi urteetan hainbat emozio nagusitu dira.
Lehen sentimendua traizioa izan zen. 2010an, lau urteko itxaropenaren ostean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2006an onartutako Kataluniako Estatut berriko 14 artikulu bertan behera utzi zituen, horietariko batzuk nazio izaerari loturikoak. Une horretan, herritar katalandarrak traizionatuak sentitu ziren zeren espainiar legediak aurreikusten zituen bide guztiak jorratu eta errespetatu zituzten Estatut berria onartzeko. Lehenik, katalandar legebiltzarrak, adostasun zabal bezain zeharkako baten bidez, testu berria osatu eta bozkatu zuen. Ondoren, Espainiako Kongresura bidali zuen non, Alfonso Guerra-k gidatutako batzorde konstituziogileak hainbat moldaketa murriztaile egin zituen, nahiz eta José Luis Rodríguez Zapatero-k hitza eman zuen Parlament-ak adostutako idatzia aldaketarik egin gabe onartuko zuen. Azkenik, erreferenduma bidez, herritar katalandarrek Estatut moldatua berretsi zuten. Baina, Alderdi Popularrak, Soraya Sáez de Santamaría-ren eskutik, Estatut-aren 30 artikulu errekurritu zituen. Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak katalandarrei erakutsi zien, Espainiako bi alderdi nagusien borondate politiko faltaz eta zintzotasun ezaz gain, ezin zitekeela, gaur egungo ordenamendu juridikoan, Kataluniaren autogobernua handitu.
Bigarren sentipena umiliazioa izan zen. Izan ere, 2008ko irailean finantza krisia hasi zen, lehenik, Ameriketako Estatu Batuetan eta, ondoren, mundu osoan. Finantzarioa zen krisia, laster, ekonomikoa eta soziala bilakatu zen, hazkunde ekonomikoa baretuz, langabezia goratuz eta administrazio publikoen defizita zein zorra areagotuz. Katalunia bereziki kolpatua izan zen, ekonomia esportatzailea baitauka eta, batik bat, finantziazio eredu desorekatu bat daukalako, zeinen arabera, Euskal Autonomi Erkidegoak eta Nafarroako Erkidego Foralak daukaten autonomia fiskala (kontzertu eta hitzarmen ekonomikoaren bitartez) ez edukitzeaz haratago, jasotzen duena baino diru gehiago ematen dion Espainiar Estatuari lurraldeen arteko elkartasunaren izenean. Horren ondorioz, defizit eta zor publikoak handitzen zioazen mailan eta Europar Batasunak kontu publikoak orekatzeko presio egiten zuen heinean, Generalitateak Espainiako Gobernuari laguntza eskatu behar izan zion finantzaketa lortu ahal izateko. Hori bereziki mingarria izan zen katalandarrentzako Espainia osoko aberastasunaren %20a bertan sortzen baita eta, historikoki, herrialde dinamikoa izan delako ekonomia mailan.
Hirugarren emozioa harrotasuna izan zen. Hain justu, 2012tik landa, gizarte zibil antolatuak bultzaturik, herritar katalandarrek mobilizazio jendetsuak antolatu zituzten Diada-ren kari. 2012an, 2,6 milioi pertsona batu ziren Bartzelonako kaleetan eta, ondorengo urtean, 1,6 milioi herritarrek giza-kate erraldoi bat osatu zuten, munduaren zirrara sortuz. 2014ean, Kataluniaren independentziari buruzko galdeketan 2,3 milioi herritarrek parte hartu zuten, loteslea ez bazen ere. Herriz herri antolatu izanak, ekitaldi horren prestakuntzan buru-belarri murgiltzeak eta elkarretaratze horien arrakastak, herritarren harrotasuna sortu zuen baita nortasun kolektiboa indartu eta subjektu politiko propioa adierazi.
Laugarren sentipena zapalkuntza izan da. Hain zuzen ere, Erreferenduma eta Transizio Legeak onartu ostean, Espainiar Estatuak bere tresna juridiko eta polizialak erabili zituen, lege eta aplikapen dekretuak bertan behera uzteko, baita ere Erreferenduma bera oztopatzeko. Komunikabideak eta inprimategiak miatzeaz gain eta bertan zeuden afixa zein bozka-paperak hartzeaz aparte, funtzionarioak zigor administratibo eta penalez mehatxatu eta Generalitateko 14 goi-kargu atxilotu zituzten. Jokabide horren adierazpen esanguratsuena Urriaren 1ean gertatu zen, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak bozkatzaileak bortizki erasotu zituztelarik. Une horretan, katalandarrak bortxatuak sentitu ziren, frankismoaren eta transizioaren mamuak berpiztuz.
Beraz, emozioek zein sentipenek beren biziko garrantzia dute Kataluniako prozesu soberanista ulertzerako orduan, mobilizaziorako pizgarri nagusiak baitira.