DONALD TRUMPEN GARAIPENAREN ARRAZOIAK
Naiz eta Hillary Clintonek boz gehiago eskuratu (59,68 milloi, 59,47 milloien aurrean), Donald Trump izan da Estatu Batuetako hauteskunde presidentzialen garailea 306 ordezkari lortu baititu, hautagai Demokratak 232 delegaturekin konformatu behar izan duelarik. Nola ulertu daiteke, esperientzia politikorik ez daukan, bere alderdiaren babes osoa eduki ez duen eta, batez ere, diskurtso arrazista, xenofobo zein matxista garatu duen pertsona batek horrelako garaipena lortu izana?
Lehenik eta behin, Trump, beste edozein hautagai baino hobeto (Bernie Sanders izan ezik) jabetu da 2008an hasi den krisi ekonomikoak zein ondorio eduki dituen, batik bat industria tradizioko Estatuetan. Hain zuzen ere, krisi finantziero eta ondoren ekonomikoak, hainbat sektore industrial kinka-larrian utzi ditu, enplegu ugariren galera eta enpresa askoren desagerpena eraginez. Eta, nahiz eta Obamaren administrazioak lortu duen hazkunde ekonomikoa berpiztea eta langabezi tasa %4,9ra jaistea, sortutako enplegua maiz kalitate eskasekoa izan da eta Estatu Batuek ez dute oraindik 2008ko enplegu-tasa berreskuratu. Horri gehitzen badiogu, batez ere erdi-behe klaseetako eta, batez ere, klase ezfagoretuetako herritarren erosteko-ahalmena ahuldu dela, osagai guztiak dauzkagu hauteslego horren haserrea ulertzeko. Zentzu horretan, ez da ustekabea izan, industria tradizioko eta krisi ekonomikoak bereziki kaltetu dituen Estatuetan, hala nola Wisconcin, Michigan, Ohio eta Pensilvanian, Trump garaile izatea.
Era berean, eta aurrekoari lotuta, hautagai errepublikarra ohartu da Estatu Batuetako gizartean dagoen haustura sozialaz. Izan ere, eskematizatuz, esan daiteke kontinente baten handitasuna daukan herri hori, soziologikoki bitan zatituta dagoela. Batetik, goi mailako ikasketak, lanpostu egonkor bezain ondo ordainduak, hiritarrak eta globalizazioa aukera bat bezala ikusten dutenak daude. Bestetik, ordea, ikasketa maila apalak, soldata apaleko langile ala enplegatuak, eta langabetu edo prekarizatuak daude, zeintzuk globalizazioa mehatxu bat bezala ikusten duten, atzerritik datorren lehiaren ondorioak zuzenki bezain bortizki pairatzen baitituzte. Trump, bereziki bigarren hauteslego horri zuzendu zaio, jakinik bai alderdi Demokratak bai alderdi Errepublikarrak aspaldidanik ez dituztela bozkatzaile horien kezka eta eskaerak kontuan hartu. Helburu hori lortzeko, Trumpek proposatu du, besteak beste, inmigrazioa murriztea, nazioarteko merkataritza-itunak berrikustea eta Estatu Batuetako herritar xumeei lehentasuna ematea. Emaitzak agerikoak dira, esaterako, ikasketa maila apaleko gehiengo argi batek bere alde egin baitu.
Horrez gain, etorkin mexikar eta herritar musulmandarrak estigmatizatuz, lehenak gaizkile eta bortxatzaileak direla esanez, eta bigarrenei Estatu Batuetan sartzeko baimena ukatuz, tentsio etno-arrazioalak areagotzen ahalgindu da, biztanleriaren gehiengoa osatzen duen hauteslego txuria mobilizatu nahiz. Hain zuzen ere, komunitate etno-arrazialak batzuek besteen aurka jarriz eta, gutxiengo etnikoen aurkako adierazpen iraingarriak eginez, aurreko hauteskundeetan abstenitu ziren txuri pobretuak erakartzen ahalegindu da. Azken urteetan desklasifikazio soziala pairatu duten hautesle horiek, begi txarrez ikusi dute, batetik Obama bezalako mestizo bat birritan Estatu Batuetako presidentea izatzea, eta, bestetik, gutxiengo etnikoek amerikar gizartearen geroz eta zati handiagoa osatzea. Izan ere, iragarpen demografikoen arabera, 2050ean, txuriak ez diren giza-taldeek, Estatu Batuetako biztanleriaren gehiengoa osatuko dute. Trumpek, erresumin soziala, beldur demografikoa eta arrazakeria sustatu ditu txuri baztertuen boza erakartzeko baita lortu ere.
Halaber, “igogailu soziala” ez dabilen testuinguru batean, presidente berria, iragan mitifikatu baten araberako nostalgia gizarteratzen saiatu da. Behin eta berriro, gaur egungo Estatu Batuen irudi tamalgarri bezain ezkor bat plazaratzen ahalegindu da, iraganaren ikuspegi idealizatu bat eskainiz, non herritarrek lanpostu egonkorrak, soldata onak eta sozialki goratzeko aukerak zeuzkaten, beti ere horretarako indarrak egin ezkero. Zentzu horretan, esanguratsua da Trumpen hauteskunde kanpainaren lema “Amerika berriz handia egitea” izatea eta, aldi oro, “amets amerikarra” berreskuratzeko promesa luzatzea; bere burua, horren adibide gisa aurkeztuz.
Eta azkenik, ezinbestekoa da kontuan izatea komunikabideak orohar eta telebista bereziki erakartzeko eta erabiltzeko Trumpek erakutsi duen gaitasuna eta, are gehiago, maisutasuna. Izan ere, marketinean aditua izateak eta, urteetan zehar, komunikabideetan maiz agertzeak, “errealitate-telebista” saio bat zuzentzeraino, aukera eman dio komunikabideen kodeak, premiak nahiz ibilmoldeak zuzenki bezain zehazki ezagutzeko. Horretaz jakitun, lehenik alderdi Errepublikarreko primarioetan eta ondoren hauteskunde kanpainan, diskurtso zakar bezain probokatzaileak egin ditu, polemikak eta iskanbilak sortzuk. Horrek, komunikabideen arreta lortzeko eta eremu mediatikoa saturatzeko balio izan dio, bere aurkariak zokoratuz eta deseuztatuz. Era berean, estrategia hori baliogarria izan zaio eztabaida arrazionala zailtzeko eta emozioei leku berezia emateko.
Beraz, Trumpen garaipenaren funtsak ulertu ezean, arriskatzen dugu Estatu Batuek dauzkaten egitura-arazoak gutxiesteko eta gizarte konplexu hori zeharkatzen dituzten tentsioak ez behar bezala ikusteko.
2016ko azaroaren 11n, EHUko Campusa aldizkarian argitaratutako artikulua