ALDERDI POPULARRA NORAEZEAN

ALDERDI POPULARRA NORAEZEAN

2018ko ekainaren 1ean, Pedro Sanchez-ek aurkeztutako zentsura mozioa aurrera atera zenetik eta, horren ondorioz, Mariano Rajoy-k gidatzen zuen gobernua bertan behera geratu zenetik, Alderdi Popularra noraezean dabil. Ez du ez posizionamendu politiko argirik ez diskurtso finkorik proposatzen, testuinguruen, indar-harremanen eta hauteskundeen emaitzen arabera jarrera bat ala bestea mantenduz. Izan ere, zentsura mozioaren galeraren ostean, Alderdi Popularrak primarioak antolatu zituen 2018ko uztailean. Pablo Casado Soraya Sáenz de Santamariari gailendu zitzaion bozen %57arekin. Kanpainan zehar, garaileak posizionamendu gogor bat mantendu zuen José María Aznar-en tesiekin bat eginez, Alderdi Popularra eskuinera norabidetuz eta eskuinen arteko aliantza bilatuz. Baliogarria izan bazitzaion primarioak irabazteko, bertan batik bat militante sutsuenek parte hartzen baitzuten, arazoa bilakatu zen alderdi horren espazio politikoa mugatzen zuelako. Casado-ren asmoa zen Alderdi Popularra eskuinen erdian kokatzea aliantzak ahalbidetze aldera. Maila batean, estrategia horrek funtzionatu zuen, 2019ko lehen hauteskunde autonomikoetan, Alderdi Popularrak eta Ciudadanos-ek gobernuak osatu baitzituzten Madril, Andaluzia eta Murtzia bezalako Erkidegoetan eta Madril gisako Udaletan, beti ere Vox-en kanpoko babesarekin. Kontua da, estrategia horrek Alderdi Popularraren espazio politikoa mugatzen zuela zeren, alde batetik, zentro-eskuineko hautesleriaren zati bat Ciudadanos-era zioan liberalismo ekonomiko eta europar eraikuntzaren aldekoak zirelako, eta, beste aldetik, eskuin-muturreko hautesleria, Vox-era zioan, nazionalista espainiar amorratuak eta kontserbadoreak baitziren. Horren ondorioz, Alderdi Popularrak lortu zituen bere emaitzarik kaskarrenak 2019ko apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, 66 eserleku besterik ez zituelako eskuratu. Egoera horren aurrean eta Autonomi Erkidegoetako baroi batzuen presiopean, Alfonso Alonso eta Alberto Nuñez Feijóo barne, Pablo Casado-k bere diskurtsoa zerbait leundu zuen. Horri esker, 2019ko azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan, Alderdi Popularrak zerbait gora egin zuen, 89 eserleku lortu baitzituen. 2011ko 186 diputatuetatik urruti, baina 2019ko lehen hauteskunde orokorretan baino hobeto, bai eserlekuetan bai bozetan. Bazirudielarik Alderdi Popularrak zentro-eskuinerako bidea hartuko zuela, Casado-k berriz ere bere diskurtsoa erradikalizatu zuen baita izendapen adierazgarriak egin ere: Cayetana Álvarez de Toledo Alderdi Popularreko bozeramaile izendatu zuen Diputatuen Kongresuan eta Carlos Iturgaitz Alderdi Popularra eta Ciudadanos koalizioko hautagaia lehenetsi zuen lehendakari izateko. Era berean, Alderdi Popularrak oposizio sistematikoa egin zion Sanchez-en gobernuari, kritika zorrotzak plazaratuz eta estatu akordioak alboratuz. Horren ondorioz, espainiar estatuko bi alderdi nagusiak ez dira adostasun batera iritsi, besteak beste, Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala ala Herriaren Defendatzailea eraberritzeko. Estrategia horrek ez dio etekin handirik eman hainbat Erkidegotan, Alderdi Popularra-Ciudadanos koalizioak 6 eserleku besterik ez baititu lortu Euskal Autonomi Erkidegoan, 60.650 bozka bereganatuz, 2001ean lortutako 19 eserleku eta 326.933 bozetatik oso urrun. Alderdi hori marjinala bilakatzeko bidean dago Euskadin eta antzeko egoeran dago Katalunian. Aldiz, askoz emaitza hobeak lortu ditu Galizian non Nuñez Feijóo-k moderazioaren, zentralitatean eta profil propioaren apustua egin duen. Azkenik, Vox-ek Pedro Sanchez-en aurkako zentsura mozioa aurkeztu duenean, 52 eserleku izateak hori baimentzen baitio beste alderdi baten babesa eduki behar izan gabe, Alderdi Popularrari kostatu zaio bere posizioa finkatzen. Ezezkoaren...

Read More

HAUTESKUNDEEN EMAITZAK ETA ITUN AUKERAK

HAUTESKUNDEEN EMAITZAK ETA ITUN AUKERAK

EAEko hauteskunde autonomikoetako parte hartzearen beherakada nabarmena daturik esanguratsuenetarikoa da zalantzarik gabe, are gehiego jakitean 2016ko mobilizazioa demokrazia garaiko hirugarren apalena izan zela %60,02rekin, hau da, 1994ko datu baxuenetik oso gertu. 2020ean, soilik bozkatzera deituta zeuden herritarren %52,86ak bere boza eman du, lurralde historikoen artean ezberdintasunak izan direla kontuan izanik. Hain zuzen ere, parte hartzerik garaiena Gipuzkoan suertatu bada (%54,57), apalena Araban gertatu da (%50,31), Bizkaia bien artean kokatu denean (%52,52). Hori pasa da nahiz eta posta bidezko bozka %140 hazi den duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hauteslegoaren %7 osatuz. Parte hartzearen beherakada historiko horren atzean, izurriteak sortutako osasun egoera eta gaitxotzeko arrangura daude. Izan ere, koronabirusaren pandemiak bereziki kolpatu du EAE, kutsatu, heriotz eta ospitalizazio kopuruari erreparatu ezkero, eta azken egunetan berragertu diren klusterrak kontuan izanik. Biztanleri osoan alarma soziala berpizteaz gain, zaurigarrienak diren kolektiboak kezkatu ditu, horietariko batzuk etxean geratzera bultzatuz. Testuinguru horretan, irabazle nagusiak alderdi abertzaleak izan dira, EAJ eta EH Bilduk 53 eserleku eta 598.117 boz eskuratu dituztelako, hots, bozkatzaileen %66.96. Bestela esanda, hiru bozkatzaileetatik bik alderdi horien aldeko apostua egin dute. Baina, abertzaleen artean, koalizio independentista atera da indartuena, 4 eserleku gehiego bereganatzeaz gain (1 Gipuzkoan, 2 Bizkaian eta 1 Araban), 23.516 boz gehiago eskuratu baititu parte hartzea oso apala izan den arren. Hautagaitza bakarra izan da kasu horretan. Horrekin batera, EAJrekin zuen aldea dezente gutxitu da lau urtean 172.996 bozetik 100.741era apalduz, abertzaletasunaren baitan dagoen lidertzaren inguruko eztabaida berpiztuz. Alderdi Jeltzalea, preseski, alderdirik bozkatuena izan bada berriz ere eta 3 eserleku irabazi baditu, soilik %1,52 hazi da. Aitzitik, 48.739 boz galdu ditu, galera handiena Bizkaian izan duelarik, 38.532 bozen beherakadarekin. Hala ere, Alderdi Sozialistarekin batera, erraz gainditzen du gehiengo osoaren langa, gobernu egonkor bat osatzeko aukera eskainiz. Aldiz, alderdi konstituzionalistak kaltetuak atera dira hauteskunde hauetatik. Izan ere, Alderdi Sozialistak eserleku bat irabazi badu parte hartze apalari esker, 9tik 10era igoz, 4.551 boz galdu ditu. Hori dela eta, 2009az geroztik, non 318.112 boz jaso zituen, odolustea etengabea izan da. Zentzu horretan, ez da “Sanchez eraginik” izan ezta ere kudeaketaren saririk. Zundaketek iragartzen zioten gorakada, 13 eserleku lortzeraino, ez da eman. Emaitzak are eta kaskarragoak izan dira Elkarrekin-Podemosentzat zeinek 5 eserleku eta 85.575 boz gutxiago lortu dituen. Hondamendia are eta nabarmenagoa da 2016ko hauteskunde orokorretako datuei erreparatu ezkero. Alderdi horren tokiko inplantazio eskasak, barne zatiketek eta lidertza aldaketa etengabeek zerikusi handia daukate gainbehera horretan. Alderdi Popularra eta Ciudadanosi antzekoa gertatu zaie, 5 eserleku eta 60.299 bozekin konformatu behar baitute, hau da, duela lau urte baino 4 gutxiago bozen erdia baino gehiago galdu ostean. Historian zehar, Ciudadanosek ez badu inoiz lortu EAEn emaitza esanguratsurik, ez da PPren kasua, 2001ean, 326.993 boz bereganatu baitzituen Mayor Orejaren eskutik. Bere bozkatzaile batzuk Voxera joan dira, eskuin-muturreko alderdiari eserleku bat...

Read More

UDAL HAUTESKUNDEEN LEHEN EMAITZAK, IRAGARPENAK ETA ZALANTZAK

UDAL HAUTESKUNDEEN LEHEN EMAITZAK,  IRAGARPENAK ETA ZALANTZAK

Koronabirusaren pandemiak zeharo baldintzatu dituen udal hauteskundeetako lehen itzuliko emaitzek, hainbat irakaspen utzi dizkigute. Lehenik eta behin, abstentzioak nabarmen gora egin du frantses estatuan eta, maila apalago batean, Ipar Euskal Herrian. Izan ere, %36,45etik %56ra igaro da Frantzian (+%20) eta 8 puntuz hazi da Iparraldean. Koronabirusaren krisiaren hedatzeak sortutako izuak eta presidente zein lehen ministroek aldez aurretik egindako iragarpenek zerikusi zuzena eduki dute parte hartze txiki horretan. Cevipof-ek plazaratu berri duen inkesta baten arabera, herritarren %32ak onartu du ez bozkatzea erabaki duela Edouard Philippe-k martxoaren 13an egindako diskurtsoaren ostean, %26ak aitortu du erabaki bera hartu duela koronabirusaz kutsatua izateko beldurragatik eta %25ak dio Emmanuel Macron-ek martxoaren 12an egindako hitz hartzea erabakiorra izan dela bere erabakian. Hori horrela izanda ere, azpimarragarria da, abstentzioa garaiagoa izan dela hirigune nagusietan, Baiona (%61) ala Angelu (%60) adibide direla, landa eremuetako herri txikietan baino. Bigarrenik, boterean zeuden eta beraien burua berriz aurkeztea erabaki duten alkate gehienak berretsiak izan dira, eskuinekoak, ezkerrekoak ala abertzaleak izan daitezela. Miarritzeko auzapezaren salbuespena alde batera utzita, Michel Veunac bosgarrena iritsi baita %12,22rekin, hiri nagusietako alkateak lehen itzulitik aukeratuak izan dira, Angelu ala Donibane Lohizunen bezala, ala lehenak sailkatu dira emaitza esanguratsuak lortuz, Baiona ala Hendaian lez. Lapurdi barnekaldea, Behe Nafarroa ala Zuberoako herrietan, joera hori are eta agerikoagoa izan da. Horren arrazoia herritarren bozka legitimistan datza. Halaber, Ipsos-Sobra zundaketa institutuaren arabera, herritarren %74ak konfiantza dauka bere alkatean eta proportzio hori %81era igotzen da 2.000tik beherako biztanleria daukaten herrietan. Era berean, galdezkatuen %71k dio alkatearen balantzea egokia izan dela eta joera hori are eta handiagoa da 2.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan (%77). Hirugarrenik, abertzaleek eta bereziki Euskal Herria Bai-k sustengatu dituen 22 zerrendek, emaitza onak lortu dituzte, bai ehunekoetan, bai bozka kopuruetan. Izan ere, lehen itzulitik, Hiriburu, Baigorri ala Biriatu eskuratzeaz gain, bozkatuenak izan dira Urruña (%40,8), Ziburu (%44,66) ala Uztaritzen (%45,2), %40ko langa pasatuz. Hainbat herritan, %30a gaindutu dute, hala nola, Maule (%33,46), Larresoro (%33,4) edo Ahetzen (%37,21), eta %20a goititu dute Donibane Lohizune (%23,10) ala Saran (%26,75). Hori bezain deigarria da ezagutu dituzten hazkundeak: +%23,7 Ziburun, +%12,0 Donibane Garazin, +%5,9 Hendaian, +%5,3 Uztaritzen ala +%4,3 Urruñan. Hazkunde hori bozka kopuruetan berretsi da, parte hartzeak nabarmen behera egin arren: +538 Ziburun, +447 Urruñan, +255 Maulen ala +236 Kanbon. Baionako Hirigunean, abertzaleek beraien posizioak mantendu dituzte, %12,34 eskuratuz Miarritzen eta %13,12 Baionan, eta beraien bozak erabakiorrak izango dira bigarren itzulian aukeratuak izan nahi duten hautagaientzat.     Lehen itzuliko emaitzak nahiz parte hartzearen datuak ezagutu bezain pronto, eta oposizioaren arduradun nagusiek bigarren itzulia atzeratzea eskatu ostean, Edouard Philippe batzorde zientifikoko kideekin eta alderdi politiko ezberdinetako arduradunekin batu zen aukera hori aipatzeko eta adostasun zientifiko zein politiko bat lortzeko. Martxoaren 16an bertan, Emmanuel Macronek telebistan egindako diskurtso batean, konfinamentu neurriak iragartzearekin batera, udal...

Read More

ZIURGABETASUNA ETA ARDURAGABEKERIA

ZIURGABETASUNA ETA ARDURAGABEKERIA

Uztailaren 25 eta 26an, Pedro Sanchezen inbestidura saiakerak porrot egin ostean, besteak beste, Unidas Podemosen abstentzioaren ondorioz, bigarren ahalegin baten aurrean egon gintezke, beti ere Sanchezek bere burua aurkezten badu. Legea argia da, irailaren 23a baino lehen, hautagai batek ez badu legebiltzarraren gehiengoaren babesa lortzen, automatikoki, hauteskunde berriak antolatuko lirateke azaroaren 10ean. Lehen inbestidura saiakeraren porrota azaltzerakoan, alderdi bakoitzak bere kontakizuna eraiki du, ardura besteari botatze aldera. Alderdi Sozialistak, behin eta berriro, Unidas Podemos eta, batik bat, Pablo Iglesiasengan daukan konfiantza falta azpimarratu du baita ere alderdi morearekin dauzkan desadostasunak Kataluniako auziari buruz. Unidas Podemosek, aldiz, koalizio gobernu bat osatzeko Sanchezen borondate-eza eta balizko gobernu horretan edukiko lukeen ardura instituzional eskasa aipatu ditu. Argi dagoena da, bi arduradun politikoen arteko harreman pertsonalaz eta politika egiteko moduaz haratago, Sanchezek ez duela presa handirik erakutsi alderdi ezberdinekin batzeko eta akordioak lortzeko. Izan ere, nahiago izan du eragile sozialekin batzartzea eta aurre-kanpaina itxura daukan ekitaldi handi bezain mediatiko batean bere egitasmoaren 370 neurriak aurkeztea ez eta gehiengoa lortzeko beharrezkoak zaizkion alderdiekin elkartzea. Iraila hasera itxaron behar izan da, bera ala Alderdi Sozialistaren ordezkaritza Unidas Podemos, EAJ eta gainontzeko alderdiekin biltzeko. Patxada horren atzean, estrategia bat dago, apustu bat ez esateagatik. Bozka asmoak neurtu nahi dituzten zundaketak eta bere aholkularien gomendioak jarraituz, uste izan du, hauteskunde berriak antolatuko balira, Alderdi Sozialista indartua aterako litzatekeela, maila handi batean Unidas Podemosen kalterako, eta, horren ondorioz, alderdi morea eta bere buruzagia luzaroan ahultzeaz gain, kolore bakarreko gobernu bat errazago osatuko lukeela eta akordio programatikoa bere aldekoagoa litzatekeela. Estrategia horrek arrisku bat dauka. Batetik, ezkerreko hautesleen haserrea uste duena baino garaiagoa dela, ez baitute ulertzen nola, gobernu proiektuaren inguruan desadostasun handirik ez badago, ez diren adostasun batera iristen gobernu konposizioari dagokionez. Bestetik, eta aurrekoari lotuta, abstentzioak gora egingo balu, maila handi batean ezkerreko hautesle kopuru esanguratsu bat etxean geratuko litzatekeelako, ezkerraren blokea ahulduta aterako litzateke eskuineko blokearekin aurrean. Hautesleria inoiz baino lurrunkorragoa den testuinguru batean, non alderdi eta ideologia atxikimenduak ahultzen doazen, eta iritzi zundaketek beraien fidagarritasun eskasa erakutsi duten une batean, ausarta dirudi apustu hori egitea. Baina, ziurgabetasunaz aparte, aukera horrek Sanchezen arduragabetasuna agerian uzten du. Izan ere, ordezkari eta alderdi politikoengan herritarren konfiantza-eza are gehiago areagotuko du eta, horrekin batera, estatuak dauzkan erronka nagusiei aurre egiteko gaitasuna zeharo baldintzatu. Gogora dezagun, hurrengo hilabeteetan, Kataluniako arduradun subiranisten aurkako epaiketaren ebazpenaz gain, Brexit-ak, Txina eta Ameriketako Estatu Batuen arteko merkataritza gerrak eta ziklo ekonomikoaren alderantzikatzeak, neurri indartsu bezain azkarrak hartzea eskatuko dutela. Hori, nekez posible izango da gobernua jardunean badago.    2019ko irailaren 15ean, BERRIA egunkarian argitaratutako...

Read More

ITUNEN GAKOAK

ITUNEN GAKOAK

Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen emaitzak ezagutu ostean eta erakunde horien osaketaren eguna hurbiltzen den heinean, komeni da Euskal Autonomi Erkidegoan zein Nafarroan adostu daitezken itunen inguruan hausnartzea, botere instituzionalaren azken irudia horren ondorioa izango baita. Itun horien lehen gakoa, zalantzarik gabe, zerrenda ezberdinek lortutako emaitzei lotua dago, eserleku nahiz bozka kopuruek adierazten baitute zein den lehen zerrenda eta zein itunek gehiengoa eman dezakeen. Lehena iristeak bere biziko garrantzia dauka udal hauteskundeetan hauteskunde-legeak baitio, zerrenda bozkatuenak gobernatuko duela, baldin eta gainontzeko zerrendek ez badute gehiengo osoa lortzen. Horregatik, hauteskunde kanpainan, alderdi ezberdinak nahiko uzkurrak izan dira, behin hauteskundeak amaituta, adostuko lituzketen itunak ezagutarazteko orduan, batetik, ez dituztelako aldez aurretik indar-harreman zehatzak ezagutzen, eta, bestetik, ez dituztelako eskuak lotu nahi. Emaitzek bezain bat garrantzia daukate, aurreko legealdian ala legealdietan, alderdiek osatu dituzten itunak, bai udal zein foru aldundietan, bai Eusko Jaurlaritza nola Nafarroako Gobernuan. Zentzu horretan, aldez aurreko aliantza-sistemak, batez ere orokorrak eta egonkorrak direlarik, EAJ eta PSErekin gertatzen den bezala, baldintzatzen dute, hortik aurrera osatu daitezken paktuak. Batez ere, aurreko legealdia nahiko baketsua izan bada, ez delarik gatazka gehiegirik izan eta partaideen interesak asetu dituen mailan, ez dago arrazoi handirik aliantza-sistema aldatzeko, are gehiago, etekin elektoralak emateaz gain, erosotasuna zein egonkortasuna eskaintzen dituelarik. Zentzu horretan, alderdiak baita herritarrak ere ez dira oso abentura-zaleak eta segurtasunera jotzen dute. Halaber, hauteskunde kanpainan zehar, alderdiek egin dituzten adierazpenak eta hartu dituzten konpromisoak balizko itunen inguruan kontuan hartzekoak dira. Hain zuzen ere, behin baino gehiagotan, bai Eusko Alderdi Jeltzaleak bai Euskadiko Alderdi Sozialistak esan dute, emaitzek hori ahalbidetzen bazuten eta batak bestearen beharra edukiz gero gehiengoak osatzeko, bien arteko itunak errepikatzekoaren aldekoak zirela. Itun horien premia justifikatu dute azpimarratuz, elkarbizitza, lasaitasuna eta eraginkortasuna bermatuko luketela, behin eta berriro, EH Bilduren itzuleraren mamua astinduz. Bereziki EAJk, Alderdi Jeltzaleak zein EH Bilduk ordezkatuko lituzketen bi modelo ezberdin bezain kontrajarri agerian utzi nahi izan ditu, ezberdintasunak puztuz eta antzekotasunak gutxietsiz. Horri, alderdien kokapen eta estrategia politikoak gehitu behar zaizkie. Zentzu horretan, EAJren kasua paradigmatikoa da, zentraltasunaren, zeharkakotasunaren eta moderazioaren apustua egin baitu, horrek, ohiko hautesle jeltzaleak eskuratzearekin batera, PSE eta PPtik datozen hautesle batzuk erakartzeko aukera eskaini baitio. Hori dela eta, aurreko legealdian, Euskadiko Alderdi Sozialista aukeratu du lehenestezko sozio bezala EAEko erakunde ezberdinetan eta Alderdi Popularra bigarren sozio gisa, bai Eusko Legebiltzarrean bai Madrilgo Kongresuan, batik bat Rajoyren aurkako zentsura-mozioa bozkatu aurretik. EH Bildurekin itunak adosteak, ordea, oreka horiek hautsiko lituzkete eta, Estatuarekin gatazkan sartzeaz aparte, hautesle batzuk uxatuko lituzke, bere hautes-oinarria murriztuz. Era berean, Hego Euskal Herrian orohar eta Nafarroan bereziki, alderdi konstituzionalisten estatuko zuzendaritzek esan dezaketenak zeresan handia izan dezake itunak adosterako tenorean. Nahikoa da ikustea nola, Chivitek gidatutako PSNek adierazi duelarik eztabaida-erronda bat hasiko zuela Geroa Bai, Podemos eta Ezkerrarekin, zer...

Read More

ESPAINIAKO GORTEETARAKO BOZEN ONDORIO POSIBLEAK

ESPAINIAKO GORTEETARAKO BOZEN ONDORIO POSIBLEAK

Apirilaren 28ko hauteskunde orokorrek, maiatzaren 26ko udal, foru eta europar hauteskundeetan eduki dezaketen eragina neurtzea zaila da, are gehiago kontuan izanik hautesleria geroz eta aldakorragoa dela eta, hainbat kasutan, erabakia geroz eta beranduago hartzen duela. Izan ere, azken egunetaraino zalantzati zeudenen kopurua oso garaia izan da, beste hauteskunde batzuekin alderatuta. Horri gehitu behar zaio, hauteskunde orokor hauek zenbait berezitasun eduki dituztela. Batetik, Vox eskuin-muturreko alderdia indar handiarekin ustekabean sartu da, Andaluziako Legebiltzarrean hamabi eserleku eskuratu eta 400 000 bozka inguru lortu ondoren. Bestetik, Ciudadanos, Alderdi Popularra eta Vox alderdiek, Andaluzian izenpetutako akordioa adibide bezala hartuz, elkarrekin gobernatzeko asmoa erakutsi dute hiruen artean gehiengo osoa lortu ezkero. Azkenik, arrisku horrek alarma guztiak piztu ditu ezkerreko eta abertzale gisa kontsideratzen diren hautesleen artean, beraien mobilizazio elektorala eraginez. Horren ondorioz, Espainia osoan parte hartzea sustatu da %75,7an kokatuz, aurreko hauteskundeetan baino bederatzi puntu gehiago. Parte hartze horren gorakadan, hautesleria abertzaleak zerikusia izan da. Izan ere, nahiz eta hauteskunde orokorrak ez diren aproposenak alderdi horientzako, EAJk 107 000 bozka gehiago eta EH Bilduk 74 000 bozka gehigarri eskuratu dituzte. Emaitza horiek ulertzerakoan, eskuineko alderdien arriskuaz aparte, aurreko legealdian Gorteetan erakutsi duten baliagarritasuna, espainiar politikan murgiltzeko prestutasuna eta aliantza berriak sortzeko ahalegina nahiz gaitasuna gehitu behar zaizkie. Hori dela eta, hautesleri horren mobilizazioa ohikoa baino garaiagoa izan da, hauteskunde moten arteko tartea murriztuz. Hain zuzen ere, oro har, hautesleri abertzaleak %9-10 gehiago parte hartzen du udal, foru eta erkidego hauteskundeetan eta, ordea, alderdi estatalen mobilizazioa apalagoa izan ohi da hauteskunde horietan. Kasu honetan, aurreikusi daiteke, alderdi abertzaleek lortuko duten bozka kopurua, hauteskunde orokorretan jasotakoa baino altuagoa bada ere, ezberdintasuna ez dela hain handia izango. Horrez gain, hautesleriaren zati batek modu ezberdinean bozkatzen du hauteskunde moten arabera. Esaterako, EH Bilduren hautesleriaren zati bat gehiago inplikatzen da bertako hauteskundeetan, propioak bezala ikusten baititu, eragina edukitzeko hautematea baitauka eta hautagaiak ezagutzen dituelako. Era berean, zentro-eskuinekoa, foruzalea eta euskalduna zein espainiarra sentitzen den hautesleri batek, orain arte behintzat, Alderdi Popularrari bozkatu izan dio hauteskunde orokorretan eta EAJri udal, foru eta erkidego hauteskundeetan. Kasu honetan, badirudi, hauteskunde orokorretan ere hautesleri horrek zuzenean Alderdi Jeltzaleari bozkatu diola ikusita Pablo Casado-ren alderdiak muturreko posturak babesten zituela. Bestalde, jakinik hilabete bat besterik ez dela igaroko hauteskunde orokorren eta udal, foru eta europar hauteskundeen artean, ulergarria litzateke apirilaren 28an ikusi diren joerak baieztatzea. Horrek esan nahiko luke, EAJ-Geroa Bai, EH Bildu eta PSE-PSNk goranzko tendentzia ezagutzea eta, aldiz, PPk eta Elkarrekin-Ahal Duguk kontrako bilakaera pairatzea; nahiz eta abiapuntuak ezberdinak izan. Era berean, pentsa daiteke, udal, foru eta europar hauteskundeen arteko ezberdintasunak ordu arte baino txikiagoak izatea, bai parte hartzeari dagokionez, bai aukera politikoaren kasuan. Hain justu, udal eta foru hauteskundeetan bozkatzeko erabakia hartu duten heinean, europar hauteskundeetan ere parte hartzeko probabilitate nabarmenak daude....

Read More