Bake eta elkarbizitza bidean
Pariseko Bake Konferentzia Humanitarioa suertatu-berri da parte-hartze, ikusmin eta oihartzun handia lortuz. Izan ere, euskal gatazkan zuzenean inplikatutako eragileez gain, biktima ala bitartekari izan daitezela, ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiak eta nazioarteko pertsonalitate ospetsu bezain esanguratsuak bertan egon dira. Horrez gain, aurreko egunetan egindako aurkezpenek frantziako komunikabide nagusi batzuen interesa piztu dute, France Inter irratia ala Libération egunkaria adibide direla, gaiaren trataera sakon bezain orekatua eskainiz eta, horren bidez, gertakizunari ikusgarritasun mediatikoa emanez.
Pariseko Konferentzia Aieteko Nazioarteko Konferentziaren eta Baionako Adierazpenaren jarraipenean kokatzen da. Iparraldeko alderdi eta eragile nagusiek izenpetutako azken adierazpen horrek, hainbat gomendio esanguratsu bezain handinahi egin ditu gaurko marko juridikoaren barruan eta giza eskubideak errespetatu daitezen, hala nola, euskal presoak hurbiltzea eta elkartzea baita ere presoen bergizarteratze plan bat erakunde publikoek osatzea. Adostasun politikoa eta marko juridiko berria eskatuko duen neurriak ere aurreikusten ditu. Horretarako, instantzia berri bat sortu beharko litzateke hainbat gai tratatzeko, besteak beste: 1) errefuxiatuek beraien bizilekua modu askean aukeratzeko eskubidea, 2) ETAko kideen aurkako prozedura polizial eta judizialak gelditzea, ala, 3) euskal gatazkari loturiko kasuetan, Euroaginduen aplikapena derogatzea.
ETAren jarduera armatuaren bukaerari loturiko neurriak ere proposatzen ditu, batik bat, nazioartearen kontrolpean Frantziako gobernu eta ETAren arteko akordioa bultzatzea, Frantzian ETA-ko azpiegiturak nola desegin eta desarmatu argituko dituzten baldintza eta eginmoduak definitzeko eta bururaino eramateko. Era berean, gatazkaren ondorioak eta berradiskidetzeak jorratzen ditu “Egia eta berradiskidetzea” bezalako talde bat sortzea gomendatuz, gatazkari lotutako gertakariak argitzeko, biktima guztien sufrimentuaren ezagupena bermatzeko eta erreparazioa gauzatzeko. Hego Euskal Herria ez da hain urruti joan eta, batez ere, ez da hain adostasun zabalik lortu, Bake Ponentziaren geldialdiak erakusten duen lez.
Lortutako adostasun zabal hori azken hogei urteetan ipar Euskal Herrian gauzatu den gobernantza berriaren fruitua da. Hain zuzen ere, 1990. hamarkada erditsuaz geroztik, erakunde publiko eta eragile politikoek konfrontazioaren logika batetik lankidetzaren logika batera igarotzea erabaki zuten. Horretarako, Garapen eta Hautetsien Kontseiluak bezalako erdi-instituzioak sortu zituzten, eragile guztiak batzeko eta elkarrekin egoeraren diagnosi komun bat egiteko, epe ertainerako helburuak finkatzeko eta horiek lortze aldera estrategiak zehazteko. Horri esker, Garapen eta Antolaketa Eskema, Euskal Herriko Hitzarmen Berezia eta Euskal Herria 2020 itunak osatzeaz eta onartzeaz gain, eragileek elkar-ezagutzen, elkar-entzutzen eta elkar-errespetatzen ikasi dute, konfidantza eta, zenbait kasutan, laguntasunak sortuz. Ohargabean eta denboraren poderioz, adostasunaren kultura politiko berri bat sortzen joan da. Horren emaitzak ipar Euskal Herriaren erakundetzean nabaritu dira, Lurralde Elkargoaren inguruan lortu den adostasun zabalak erakutsi duen bezala, baita bakegintzan ere.
Prozesu horretan, Pariseko Bake Konferentzia Humanitarioak beste urrats bat suposatzen du eta garrantzi berezia dauka lau arrazoi nagusirengatik. Batetik, Parisen eta bereziki Asanblada Nazionalean gertatzen delako, eta oso zentralizatua den herri batean, eragile eta erabaki nagusiak bertan hartzen baitira. Bestetik, ipar Euskal Herriko klase politikoaren artean erabateko adostasuna dagoelako eta eskuineko, zentroko zein ezkerreko alderdietako hautetsi nagusiek (diputatuek eta senatariek alegia) aho batez mezu bera plazaratu dutelako. Era berean, ezagunak diren eta harreman-sare zabalak dituzten frantziako hainbat erakunderen buruak (Gurutze Gorria ala Giza Eskubideen Liga adibide direla) Konferentzian murgiltzea lortu baitu. Azkenik, nazioarteko ordezkari esanguratsuak daudelako eta Frantziak nazioarteari begira giza eskubideak babesten eta sustatzen dituen irudia eman nahi baitu. Zentzu horretan, Irlandako Lehen Ministro ohia bezalako pertsonei errespetu instituzionala dio, Espainian ez bezala.
Bake Konferentziaren amaieran, 110 eragilek izenpetutako agiria plazaratu da. Aurrekariak gogoratzeaz gain, lau dei nagusi plazaratu dituzte: 1) ETAk bere armagabetzea jarraitu dezan eta gobernuek hori erraztu dezaten, modu koordinatu eta zainduan burutu dadin; 2) dispertsioa amaitu dadin eta, presoak hurbiltzeaz eta batzeaz gain, preso gaixoak askatu ditzaten eta kartzela onurak aplika daietzen; 3) elkarbizitza bultzatze aldera, biktimen errekonozimentua, laguntza eta erraparazioa egin dadin; eta 4) frantses zein espainiar gobernuak euskal gatazkaren konponketan benetan inplika daitezen. Funtsean aurreko adierazpenek esandakoa berresten badu, bi alderdik azpimarra berezi bat merezi dute: batetik, dispertsioaren amaierari egindako deia, eta, bestetik, euskal gatazka konpontze aldera plazaratzen den eskaera, jakinik euskal gatazkak osagai armatu eta politikoak dauzkala.
Edozein kasutan, Pariseko Bake Konferentzia arrakastatsua izanda ere, horrek ez du esan nahi frantses gobernuaren jarreran aldaketarik eragingo duenik, anbiguotasunean eta joko bikoitzean maixua baita: alde batetik, Parisko Konferentzia onartzen du bere profil demokratikoa erakutsi nahian eta, beste aldetik, Biarritzeko operazioa bultzatzen du, ETAren armagabetze prozesua oztopatzeko. Era berean, frantses gobernuan bi ikuspegi ezberdin daude: bata, Taubira Justizia Ministroak ordezkatzen duena eta jarrera irikiagoa zein ausartagoa daukana, nahiz eta minoritarioa izan; bestea, Valls Lehen Ministroak ordezkatzen duena eta posizionamentu itxiagoa nola gogorragoa duena, nagusia dela jakinik. Argi dagoena da, estatu eta nazioarteko gai bat denez, frantses gobernuak ez duela erabaki esantsuratsurik hartuko espainiako gobernuaren oniritzirik jaso gabe. Baina, era berean, lehen interesatua da euskal gatazkak suposatzen dizkion buruhausteak konpontzen, hamarnaka euskal preso bere kartzeletan espetxeratuak baitaude eta ETAren arma gehienak bere lurraldean daudelako.