Gobernu berriaren erronka nagusiak

Posted by on June 30, 2016 in Berria, Blog | 0 comments

Gobernu berriaren erronka nagusiak

 

Ekainaren 26ko hauteskunde Orokorren emaitzak edonolakoak izanda ere, Espainiako alderdi politikoek eta, bereziki, ordezkaritza parlamentario handiena dutenek, hainbat erronkei aurre egin beharko diete azken legealdian gauzatutako politiken ondorioz eta azken lau urteetan konpondu ez diren problematiken aurrean, bai alor sozioekonomikoan, bai lurraldetasunaren eta erabakitze eskubidearen mailan.

Lehen erronka nagusia, zalantzarik gabe, adostasunak erdiestea eta gobernu itun sendo bezain egonkor bat, ahal bezain laster, lortzea izango da. Izan ere, 2015eko abenduaren 20ko hauteskundeetako aurre-kanpaina, kanpaina elektorala bera eta ondorengo negoziaketa-prozesu luzeak, ziurgabetasuna sortzeaz gain, ez du egitura-erreformak burutzeko balio izan ezta ere ekimen politikoak hartzeko. Horren adibide esanguratsuena izan da, Arcelor Mittal-ek Zumarragako eta Sestaoko fabrikak ixteko asmoa iragarri zuelarik, gobernu zentralak erakutsi duen ekimen-eza. Beraz, irailerako, alderdiak adostasun batera iritsi beharko dira bai inbestidurarako bai gobernagarritasunerako, zeren, behin eta berriro, Europar Batzordeak azpimarratu du Espainiak bere defizit-konpromisoak bete behar dituela eta, horretarako, 8.000 milloi euroko murrizketak egitea ezinbestekoa izango zaiola.

Bigarren erronka garrantzitsua, langabeziari eta lan-prekaritateari aurre egitea izango da. Hain zuzen ere, nahiz eta langabezi-tasak behera egin, %27tik %21era igaroz, Segurantza  Sozialean afiliatuta dauden pertsonen kopurua ez da hazi eta lan-baldintzak dezente okertu dira 2010eko eta, batez ere, 2012ko lan-erreformen ostean. Lan-merkatuaren prekarizazioak eragin du, lana edukitzea ez dela gehiago bizitza-duina izateko bermea eta, soldata apalak eragitearekin batera behartsutasuna handitu ditu, baita ere lana daukaten pertsonen baitan. Beraz, lan-merkatua berriz arautu beharra dago, azken bi lan-erreformak derogatuz, lan-harremanak berreraikiz eta eztabaida soziala berpiztuz. Are eta garrantzitsuagoa da, jakitean lan-kontratuak egonkortzeak, lan-baldintzak hobetzeak eta soldatak igotzeak, justizia soziala bermatzeaz gain, kohesio soziala indartzen eta hazkunde ekonomikoa sustatzen dituela, BPGaren hazkundearen zati handiena barne-kontsumoari lotua baitago.

Hirugarren erronka inportantea Ongizatezko Estatua sendotzeari eta eskubide sozialak berreskuratzeari ala, kasu batzuetan, eskuratzeari lotua dago. Izan ere, pentsio-sistemaren erreformak, osasun-koordainketak, lan-merkatuaren malgutzeak, LOMCEren onarpenak, Ongizatezko Estatua nabarmen ahuldu dute, gogoan izanik jadanik Espainiakoa oso ahula zela, zeren, Europako gainontzeko herri gehientsuenak ez bezala, 1945-1975 epea ez zuen probestu Ongizatezko Estatu sendo bezain egonkor bat osatu eta garatzeko, urte horietan frankismoa nagusi baitzen. Hori dela eta, aipatutako erreformak bertan behera uzteaz gain, Ongizatezko Estatua birfundatu behar da, babes sozialerako hirugarren belaunaldiko eredu bat modu adostuan osatuz eta gauzatuz. Helburua ez da iragan mitifikatu batera itzultzea baizik eta, globalizazioaren testuinguruan, berdintasun soziala eta lehiakortasun ekonomikoa uztartuko dituen eredu berri bat sortzea, Europa iparraldeko herriek egin duten lez.

Laugarren erronka Estatu-ereduari ala, nahiago bat, lurraldetasunari eta erabakitze-eskubideari josia dago. Azken urteetan, geroz eta nabariago da, bai Katalunian bai Hego Euskal Herrian gehiengo zabal bat deseroso dagoela Autonomien Estatuan eta Autonomi Erkidego batzuek Estatu espainiarrarekin daukaten lotura birplanteatu nahi dutela. Egoera are eta larriagoa da, ikustean, azken lau urte eta erdian, 2011an lortu zuen gehiengo absolutuari esker, PPren gobernuak berzentralizazio estrategia argi, pentsatu bezain irmo bat gauzatu duela, Autonomi Erkidegoen Estatutuak ez betez, beraien eskumenak inbadituz eta legebiltzar autonomikoek onartutako hainbat lege errekurrituz, Konstituzio Auzitegira joz. Nafarroaren kasua esanguratsua da, zeren, bere legebiltzarrak onartutako 17 lege errekurrituak daude. Horri gehitzen badiogu, Auzitegi horretako kideak bi alderdi nagusiek izendatzen dituztela eta azken hogei urteetako jurisprudentziak argi eta garbi uzten duela, kasu gehientsuenetan, gobernu zentralaren alde ebazten duela, osagai guztiak batuak daude talkara joateko. Egoera horren aurrean, ezinbestekoa da espainiar konstituzioa erreformatzea, herrien nazio-izaera onartzeko eta, horri lotua zaion, erabakitze-eskubidea ezagutzeko.

Bosgarren eta azken erronka, demokraziaren birsorkuntzari itsatsia dago. Iruzur kasuak biderkatzeaz gain, bai pertsonak aberasteko bai alderdi politikoak diruztatzeko, demokrazia errepresentatiboa krisi larrian dago, alderdiek ez dituztelako herritarren beharrak eta eskakizunak kontuan hartzen eta ez direlako gai beraien arazoak konpontzeko. Egoera horren aitzinean, alderdi politikoek, beraien barne-ibilmoldea, hautagaiak izendatzeko modua eta diruztapen mekanismoak berrikusteaz gain; hautetsien estatusa argiki finkatuko lukeen legea onartzea ahaztu gabe, legeak osatzeko eta politika publikoak diseinatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko prozedurak berrikuzi behar dituzte. Demokrazia errepresentatiboa eta parte-hartzaileak uztartze-aldera, gobernantza berri bat martxan jartzea ezinbestekoa da, herritarrak eragile aktiboak izan daitezen.

Beraz, ezkerreko nahiz zentru-eskubiko koalizioak ala koalizio handiak osatutakoa izanda ere, gobernu berriak erronka horiei eutsi beharko die ez badu nahi sistema politikoaren deskonposizioa erabatekoa izan dadin.  

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *