Eskuin muturraren gorakada geldiezina

Posted by on December 11, 2015 in Berria, Blog | 0 comments

Eskuin muturraren gorakada geldiezina

 

Frantziako eskualde hauteskundeen lehen itzuliak garaile argi bat izan du : Frente Nazionalak (FN) ordezkatzen duen eskuin muturra alegia. Izan ere, bozen %28a eskuratzeaz gain, 13 eskualdetatik 6etan lehen indarra da eta horietariko bitan, non Marine Le Pen eta Marion Maréchal Le Pen zerrendaburuak diren, %40aren langa gainditu du. 2014ko europear hauteskundeetan lortutako emaitza historikoak hobetu ditu, bai ehunekoetan bai bozka kopuruetan. Emaitza horiek ulertzeko, hainbat faktoreri erreparatu behar zaio, analisia Pariseko atentuek eduki duten eraginera mugatu gabe, nahiz eta eraso horiek Frente Nazionalak plazaratzen dituen mezuak eztabaida publikoaren erdian jarri eta gainontzeko alderdiek beraien diskurtso zein aldarrikapen batzuk beraienganatu dituzten.

Lehenik eta behin, FNak, langabetuak, prekarioak eta langileak erakartzeko gaitasuna eduki du. Gogoratu behar da, eskuin muturrak bere lehen emaitza esanguratsuak 1983an lortu zituela non, François Mitterrand-en lehendakaritzapean, gobernu sozialistak keinesiar politikak bertan behera utzi eta austeritate politikak martxan jarri zituen. Orduaz geroztik, ezkerrak bere ohizko hauteslegoa galdu du eskuin muturraren mesedetan (langileen %45ak FNaren alde bozkatzen du). Hain zuzen ere, murrizketek, langabeziaren, prekaritatearen eta behartsutasunaren gorada eduki dute ondorio gisa, kaltetuenak txiroenak direlarik.

Bigarrenik, Marine Le Pen eskuin muturreko alderdiaren lehendakaritzara iritsi zenetik, normalizazio estrategia bat gauzatzen saiatu da. Horren adierazleak dira, besteak beste, ika-mika sortzen zuten gaiak (antisemitismoa adibide dela) alde batera uztea, aurpegi presentagarri bat lehenestea eta gobernu-alderdi gisa bere burua aurkeztea. Era berean, bere profil soziala indartzeaz gain, babes soziala zein kapitalismoaren erregulazioa aldarrikatuz, laikotasun eta errepublikar baloreak bereganatu ditu, nahiz eta modu interesatuan ber-interpretatu eta instrumentalizatu. Eta normalizazio estrategia hori bat joan da bere lidertzaren adierazpenarekin. Horri esker, hautesle berriak erakartzeko gaitasuna izan du, emakumeak eta gazteak adibide direla.

Hirugarrenik, sinesgarritasun politikoa eskuratzeko estrategia bat marraztu eta gauzatu du, Eskola Handietan hezitako eta goi mailako funtzionarioak diren pertsonen laguntzarekin. Funtsean, estrategia horrek hiru ardatz ditu. Batetik, programa elektoral zehatz bezain serio bat osatzea, bereziki alor sozioekonomikoan. Izan ere, inmigrazioa, inseguridadea ala nazioa bezalako gaiez aparte, egunerokotasunean herritarrak kezkatzen dituen gaien inguruan proposamen zehatzak egiten saiatu da. Bestetik, bere kide eta hautetsien heziketaren aldeko apostua egin du, ohartu baita herri eta eskualde ezberdinetan presentzia iraunkorra edukitzeko ezinbestekoa zitzaiola persona prestatuak edukitzea. Indar hori oso nabaria izan zen azken udal eta departamentu hauteskundeetan, zeini esker, Frente Nazionalak 26 alkate, 1546 udal hautetsi, 459 mankomunitate hautetsi eta 62 departamentu kontseilari lortu zituen. Azkenik, profil ezberdinetako pertsonak erakartzen ahalegindu da, hurbilak zaizkion sareak sortuz eta beste batzuk infiltratuz, bai empresa ala sindikatu munduetan, bai hezkuntza edo kulturgintzan.

Estrategia pentsatu horrek, aukera eman dio azken lau hauteskundeetan, hots europear, udal, departamentu eta eskualde bozetan, %25eko langa gainditzeko eta eremu ezberdinetan sustraitzeko. Igandean eskuratutako emaitzak direla medio, eztabaida politikoa eta gainontzeko alderdien erabakiak baldintzatzea lortzeaz gain, aukerak dauzka bi eskualde gobernatzeko. Hori gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da hirugarren posizioan iritsi diren hautagaitzak erretiratu daitezen, errepublikar frentearen izenean luzatutako bozka-deiak ez daitezen erabat jarraituak izan eta lehen itzulian abstenitu ziren bozkatzaile errepublikarrak ez daitezen mobilizatu.

Leave a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *