ESKUALDE HAUTESKUNDEEN EMAITZAK ETA ONDORIOAK

Abenduaren 6ean gertatu den eskualde hauteskundeen lehen itzuliak emaitza esanguratsuak utzi eta, maila handi batean, bigarren itzuliaren estrategiak baldintzatu ditu; jakinik bigarren itzulian mantendu ahal izateko bozen %10a gainditu behar dela eta bi itzulien arteko zerrendek bat-egin dezaten gutxienez %5a eskuratzea ezinbestekoa dela. Hartu ditzagun zerrenda ezberdinak banan-bana.
Frente Nazionala (FN) lehen posizioan iritsi da %27,96a eskuratuz, sei eskualdetan lehena izanik, horietariko bitan %40a gaindituz, eta eskualde guztietan bigarren itzulirako sailkatuz. Emaitza horiek, aurretik izandako europear, udal eta departamentu hauteskundeetako joerak baieztatzeaz gain, eskuin muturra oso maila garaian kokatzen dute; are gehiago kontuan izanik bakarrik aurkeztu dela, gainontzeko gehienak koalizioak izan direlarik. Arrakasta horren arrazoiak hiru multzotan bana daitezke: 1) krisi ekonomikoa, austeritate politikak eta langabezia, 2) eskuin muturreko ideien hedapena, Frente Nazionalaren normalizazio estrategia eta Marine Le Pen-en lidergoa; eta 3) sinesgarritasun politikoa eskuratzeko nahia, programa elektoral sendoa osatuz, hautagai zein militanteen heziketa bultzatuz eta sektore berrietara irekiz. Baina, bigarren itzulian Eskualdeak eskuratu nahi baditu ezinbestekoa izango zaio, batetik, lehen itzulira bozkatzera joan ez diren bere hautesleak mobilizatzea, 2012ko hauteskunde presidentzialetan bozka kopuru handiagoa lortu zuela gogoan izanik, eta, bestetik, bere aurkarien estrategia bateratua zapuztea.
Bigarren posizioan iritsi den zentru-eskuinaren emaitzak ez dira hain onak izan, Les Républicains (LR), UDI eta Modem-ek batera %26,89a soilik eskuratu baitute. Porrot erlatibo horren arrazoiak, alde batetik, LReko hauteslegoaren erradikalizazioan datzate, zeinen zati batek, bereziki Pariseko atentatuen ostean, nahiago izan duen Frente Nazionalaren alde bozkatu, eta, beste aldetik, hauteslego zentristaren zati baten abstentzioan. Bigarren joera hau oso nabaria izan da Ipar Euskal Herrian non zentru-eskuineko koalizioak 7 puntutik gora galdu dituen 2010eko emaitzekin alderatuta. Are gehiago, lehen itzulirako zerrenda bateratuak aurkezteak aukera eman badio lau eskualdetan lehen indarra izateko eta beste zazpitan bigarren sailkatzeko, ez dauka bozka-erreserba handirik bigarren itzuliari begira. Bere erronka nagusia izango da ezkerreko eta, batez ere, zentruko hautesleak erakartzea, batik bat Alderdi Sozialista (AS) eta Erradikal Sozialisten (ES) zerrendak erretiratu diren eskualdeetan.
Preseski, AS-ES koalizioak %23,33a eskuratu du lehen itzulian, alegia Pariseko atentatuak gertatu aurretik sondeoek ematen ziotena baino 3 puntu gehiago. Horrek esan nahi du, bere hauteslegoaren zati bat mobilizatzen jakin duela eta bai François Hollandek bai Valls-en gobernuak Pariseko atentatuei buruz egindako kudeaketa begi onez ikusi duela. Zentzu horretan, emaitza nahiko onak dira, hiru eskualdetan lehen posizioan baitago (seietan Guiana, Guadalupe eta Martinika gehitzen badizkiogu) eta beste hirutan bigarrena sailkatu dela; jakinik ez zuela lortu lehen itzulian ezkerreko alderdiak batuko lituzkeen zerrendak osatzea. Lehen itzulirako gabezia bat zena indargune bat bilakatu da bigarren itzuliari begira, bozka-erreserba handiagoak baitauzka Europa Ekologia-Berdeak eta Ezkerreko Frentearekin eskutik. Hala ere, bozka horiek eskuratzeko, akordioetara iritsi beharko du %5eko langa gainditu duten zerrendekin, horiekin batze aldera, eta bere programa egokitzeko premia izango du gainontzeko ezkerreko alderdien eskakizunak kontuan hartuz. Hori bera egin du Alain Rousset-ek gidatzen duen zerrendak, publikoki adierazi baitu ez daukala Habiadura Handiko Trena diruztatzeko asmorik.
Europa Ekologia-Berdeen (EE-B) emaitzak ez dira hain onak izan %6,81a eskuratu baitu, 2010eko emaitzetatik urruti. Nahiz eta ingurugiroaren inguruan adostasun sozial zabala izan eta eskualde hauteskundeen lehen itzulia Pariseko Klimaren Munduko Gailurraren testuinguruan kokatu, ez du lortu bere hauteslegoa mobilizatzea. Esan beharra dago, EE-Bek gobernutik irtetea erabaki zuenetik, barne zatiketak izan dituela behin eta berriro, Asamblada nazionaleko eta Senatuko taldeburuek alderdia utzi dutela beste alderdi bat osatzeko, eta ez duela estrategia argi bezain bateraturik osatu alianza sistemari dagokionez. Horrela, gehienetan bakarrik aurkeztu bada, beste eskualde batzuetan Ezkerreko Frentearekin bat egitea erabaki du. Horrek, koherentzia zein sinesgarritasuna galtzea eragiteaz gain, hainbat hautesleren nazka eragin du. Edozein kasutan, gutxiengo hautetsi kopuru bat mantendu nahi badu, ezinbestekoa zaio Alderdi Sozialista-Erradikal Sozialisten zerrendekin fusionatzea %5a gainditu duen eskualdeetan.
Azkenik, Ezkerreko Frenteak ez du burua altxatzen, %4,15a eskuratu baitu Frantzia osoan. Alderdi Komunista eta Ezkerreko Alderdiaren arteko desadostasunek eta kanpainan zehar Mélanchon-ek eduki duen parte-hartze eskasak bere ohiko hautesleak urrundu ditu. Izan ere, langileak eta klase ezfagoretuak ordezkatzeko gaitasuna galdu du, eskuin muturraren mesederako. Bigarren itzuliari begira, nahiz eta Valls-en gobernuak gauzatutako politika sozioekonomikoaren aurrean oso kritiko agertu, ezkerreko zerrendaren alde bozkatzeko deia egin dezake.