BIRKONPOSIZIO POLITIKOA EUROPAN
Azken urteetan, Europako hainbat herri deskonposizio-berkonposizio politiko sakon batean murgilduak daude, nahiz eta bizitasun eta habiadura ezberdinak ezagutu lurraldeen arabera. Azken adibide esanguratsua Italia da, kontuan izanik Europar Batasuneko eta Euroguneko hirugarren herria dela, bai biztanleriari bai pisu ekonomikoari dagokionez, Liga eta Bost Izarreko Mugimenduak osatzen duen koalizioa boterera iritsi baita, aldez aurretik, gobernu programa bat adostu ostean. Deskonposizio-berkonposizio prozesu horrek, ohizko alderdien ahultzea eta alderdi populista eta xenofoboen indartzea dakar, panorama politikoak irauliz eta gehiengo politiko berriak ahalbidetuz. Eraldaketa hori ulertzeko ezinbestekoa da bere genealogia egitea. Izan ere, 1970. erditsuan hasten den krisiari erantzun liberal bat eman zaio ekonomia liberalizatuz, hau da, presio fiskala gutxituz, enpresa publikoak pribatizatuz, lan-merkatua desarautuz eta finantza erregulazioa ahulduz. Horren atzean zegoen ideia zen, krisiaren jatorria politika keinesiarretan zegoela eta, beraz, Estatuek beraien esku-hartzea mugatu behar zutela ekonomian eragin kontra-produzenteak lituzkeelako, bai hazkunde ekonomikoan bai finantza publikoen orekan. Europa bereziki ukitua izan da, Europar Itunek norabide politiko hori erabat barneratu baitute, bereziki 1992an onartutako Maastricht-eko Itunetik landa. Hain zuzen ere, Itun horrek zion, hortik aurrera, EBko herri guztiek ezingo zutela PIBaren %3ko defizit publikoa, PIBaren %60ko zor publikoa eta %2ko inflazioa gainditu. Horrekin batera, banku zentral nazionalak independente bilakatzen hasi ziren. Horren ondorioz, Euroguneko kideak izan nahi zuten herri orok doikuntzak egin behar zituzten irizpide horiek errespetatzeko eta konbergentzia ekonomikoa gauzatu ahal izateko. 1993tik landa aplikatu ziren politika horiek, gastu publikoa murriztea ala, gutxienez, egonkortzea eta presio fiskala areagotzea suposatu zuten heinean, eragin depresibo bat eduki zuten hazkunde ekonomikoan eta langabezia areagotzea eduki zuten ondorio gisa; jakinik langileria eta bizi-maila apalena zutenak atera zirela kaltetuenak. Hortik aurrera, langile xumeak, prekarioak eta langabeak geroz eta kritikoagoak agertzen hasi ziren ekonomiaren liberalizazioarekin, globalizazioaren testuinguruan, eta Europar eraikuntzaren norabidearekin, kontsideratzen baitzuten, EBk, babesteko ordez, lehia orokortu batean murgiltzen zituela. 2008ko irailean hasten den finantza krisi eta ondoren ekonomikoak joera hori areagotu du. Harrigarria badirudi ere, ekonomiaren desarautzeak sortutako krisiak, erregulazio berri eta sendoago bat eragiteko ordez, desarautzea areagotu du, bereziki krisiak gehien kaltetu dituen eta Troika-ren esku-hartzea jasan duten herrietan (Grezia, Portugal, Irlanda eta Espainia). Hain justu, dirua interesa tasa apalagoan uztearen truke, Europako Banku Zentralak, Europar Komisioak eta Nazioarteko Diru Funtsak austeritate politikak gauzatzea exijitu dute, mozketa bortitzak (bereziki gastu sozialean) eta zerga igoera nabarmenak (batik bat zerga ez-zuzenetan) egitera bortxatuz. Politika horiek, hazkunde ekonomikoa oztopatzeaz gain, langabezia, behin-betikotasuna eta behartsutasuna areagotu dituzte herritarren ongizatea okertuz eta beraien haserrea areagotuz. Testuinguru horretan, non ezkerreko zein eskuineko alderdi tradizionalek antzeko politika sozioekonomikoak gauzatu dituzten, erabakitzeko ahalmen mugatua eta maniobra-margen apala agerian utziz, alderdi horiek jasotzen zuten babes elektorala gutxitzen joan da alderdi populista zein xenofoboen aldeko bozak gora egiten zuen une berean. Frantzian, LR eta PS 2017ko hauteskunde presidentzialeko bigarren itzulitik kanpo geratu diren une berean,...
Read More